Baztan-Bidasoko 48 pentsiodun bildu dira Elizondon 1.080 euroko guttiengo pentsioa eskatzeko

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 18a, 17:00

Nafarroan 51.000 pentsiodun baino gehiago 1.080 eurotara ailegatzen ez direla salatu dute, eta pentsio duinak eskatu dituzte nafar guztientzako

Baztan-Bidasoko pentsiodunek ikasturteko lehenbiziko elkarretaratzea egin dute gaur goizean Elizondoko plazan, guttieneko 1.080 euroko pentsioa eskatzeko Nafarroako Gobernuari. Azaldu dutenez, «gibelean utzi dugu hauteskunde zikloa, eta Nafarroako Gobernua ia osatuta, ailegatu da aldarrikapen zehatzak bere mahai gainean jartzeko tenorea».

Izan ere, «pentsioak kudeatzeko ardura Madrilgo Gobernuan badago ere, Nafarroako Gobernuak badu nahiko ahalmen eta bitarteko nafar guztion pentsio duinak bermatzeko. Orain Nafarroan 1.080ra ailegatzen ez diren 51.000 pertsonatik goiti daude».

Honen aitzinean, «zeregin berezia jarri nahi du martxan Nafarroako Pentsionisten Mugimenduak, bertze eragileekin batera, indar berezia paratuz mobilizazioetan. Eragile hauekin herri ekimen bat lantzeko harremanetan jarri gara; CGT, COESPE Navarra, EHNE, EILAS, ELA, ERNAI, ESK, LAB, Nafarroako Mugimendu Feminista, Nafarroako Pentsiodunen Mugimendua, Nafarroako Pentsionistak Martxan, Oneka, Nafarroako Osasun Plataforma, REAS Navarra (Ekonomia Sozial eta Solidarioa) eta Sasoia». '1.080 Orain' herri ekimena Iruñean aurkeztu dute gaur, eta azaroaren 11rako manifestazio deialdia egin dute.

Bertzalde, «Euskal Herriko Gizarte Mugimenduen topaketa eginen da irailaren 30ean Ozaetako Garaion Sorgingunean, Txikien itsasoa, trantsizio ekosoziala elkarrekin marrazten lelopean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta. Parte hartu nahi duenak, izena emaneko aukera izanen du».

Azkenik, «gogoratu nahi dugu zaintzaren arloan ezin ditugula besoak jaitsi. Alde batetik adinekoen zaintza dugu, eta bertzetik osasun zaintza. Elizondoko Zahar Etxean aldaketa sakonak emanen dira, eta ongi kudeatu beharko da egoiliarren zaintza. Eta osasun zaintzari dagokionez, oraindik gabezi nabarmenak ematen dira; pediatra faltak, ordezkapenak eskas egitearen ondorioak… eta bitartean, pentsionistak aurrera!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun