Dantza, salto eta festa heldu da topaketa! abesten hasiak dira dagoeneko Leitza, Goizueta, Arano, Areso eta Ezkurrako haurrak. Irailaren 30ean Areson izango dira eskolarteko topaketak eta bost herrietako haur, guraso eta eskolak elkartzeko egunpasa ederra antolatu dute.
Hilabeteko azken larunbatean 11:00etan emango diete hasiera festari, harrera egin eta bost herrietako kideak nahasiz taldeak osatuko dituzte. 11:30etan hasiko dira jolasean eta festa gune bakarrera mugatu beharrean, herrian barna zabaldu nahi izan dute. Sei gune sortu dituzte eta bakoitzean ekintza berezi bat egiteko aukera izango dute.
13:30 aldera bukaera emango diote jolasari eta topaketetako dantza egingo dute. 14:00etan bazkaria izango da eta ondoren kalejira. Arratsaldean giza futbolina, txokolate eta bizkotx jana eta erromeria izango dira.
Txartelak astelehenera bitarte
Bazkaltzeko txartelak Aresoko, Goizuetako eta Leitzako eskoletan eros daitezke irailaren 25era arte. Helduek 10 euro eta haurrek 6 euro ordaindu beharko dituzte. Bazkaritarako paella, postrea, kafea eta pastak izango dira.