N-121 A errepidea hobetzeko obrek eragina izanen dute Oronoz-Mugairi eta Sunbillako tunelaren artean datozen hiru asteetan

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 18a, 11:30
Datozen asteetan ere N-121-A errepideko obrek eragina izanen dute trafikoan.

N-121 errepidea Iruñetik Behobiara hobetzeko obrek eragina izanen dute trafikoan irailaren 18tik urriaren 6ra bitartean, Oronoz-Mugairiko lotunearen eta Sunbillan Arrigazteluko tunelaren hegoaldeko ahoaren artean. Horregatik, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak jakinarazi duenez, hainbat desbideratze eginen dituzte eta trafikoa erregulatzeko neurriak hartuko dituzte behar bezala seinaleztatutako eremuan. Hala ere, aldi horretan AP-15 autobidea erabiltzea gomendatu dute, ahal den guztietan.

Astelehenetatik ortziraletara, 07:00etatik 20:00etara ezarriko dituzte trafikoari eragiten dioten neurriak, 40,900 eta 52,430 kilometroen artean.

Zehazki, irailaren 18tik 22ra, zolaberritze lanak eta zubibidetako juntak berritzeko lanak eginen dituzte. Horrela, Iruñeko norantzan, Doneztebe, Legasa, Narbarte eta Oronoz-Mugairin barna desbideratuko dute trafikoa.

Irailaren 20an eta 21ean, asteazkenean eta ortzegunean, Elizondorako eta Oronoz-Mugairirako irteera itxiko da eta, beraz, Baztan aldera atera behar dutenek Zozaiako irteera hartuko beharko dute, 39,7 kilometroan. Txandakako pasabidea emanen dute 46,7 eta 48,3 kilometroen artean, zolaberritze lanak eginen dituztelako.

Irailaren 25etik aitzinera, urriaren lehen astera bitarte, txandakako pasabidea emanen dute zenbait puntutan obrako beharren arabera eta trafikoa desbideratuko da NA-1210 errepidean barna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun