Ados pilota elkarteak hirugarren urtez antolatutako Plazaz Plaza txapelketa azken txanpan sartua da. Irailaren 17an, igande eguerdian jokatu zuten Getarian (Gipuzkoa) lehen finalerdia Iera Agirre Iturriaga leitzarrak eta Ruiz Larramendik 22-21 irabazi zieten Barrokal eta Agirreri, lehia ezin estuagoaren ondotik.
Txapelketako partidaren aitzinetik, Adoseko pilotari gazteak ere aritu ziren eta omenaldia eskaini zitzaion Ane Campos Getariako futbol jokalariari.
Beraz, Iturriaga eta Ruiz de Larramendi izanen dira irailaren 30ean Azkoitiko Goiko Losa pilotalekuan jokatuko den finalean. Bigarren finalerdia irailaren 23an jokatuko dute Etxaurin Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Mujikak, Ibarrola eta Orbegozoren kontra. Bi aurrelari gazte aurrea aurre iznen dira, esperientzia handia duten atzelarien gidaritzapean. Etxauriko plazaren berezitasuna (ezker paretarik gabe) erabakigarria izan daiteke.
Tiebasen Arrieta eta Mujika txapeldun
Ez zen igandeko finalerdia Iturriaga leitzarrak jokatu behar izan zuen partida bakarra. Arratsaldean Getariatik Tiebasera joan behar izan zuen, bertako txapelketako finala jokatzera. Irantzu Etxebeste beratarra gibeleko koadroetan lagun zuela, 22-12 galdu zuen Arrieta eta Mujikaren kontra.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!