Euskal Herriko emakumezkoen aizkolari txapelketako finalerako txartela lortu dute Nerea Sorondok eta Maika Ariztegik

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 18a, 10:00
Euskal Herriko emakumezkoen aizkolari txapelketan lehiatuko den seikotea, Hernaniko kanporaketaren ondotik. Argazkia: Kronika

Xanta Sousa lesakarra, aldiz, lau segundogatik kanpoan gelditu da

Emakumezkoen Euskal Herriko Aizkolari Txapelketaren kanporaketa jokatu zen larunbatean Hernanin. Bederatzi aizkolari aritu ziren lanean, finalean aritzeko eskubidea ematen zuten sei txarteletako bat eskuratzeko. Nerea Arruti urnietarra izan zen onena (9:31), eta gibeletik izan zituen Nerea Sorondo beratarra (10:20), Oihana Fernandez de Barrena arabarra (12:32), Maika Ariztegi iturendarra (14:11) Malen Barrenetxea hernaniarra (16:02) eta Ane Zapirain astigarragarra. (16:09).

Kanporaketako lana kanaerdiko bat, 45 ontzako bat et 36 ontzako bat moztea zen

Xanta Sousa lesakarra zazpigarren izan zen (16:13). Beraz, lau segundo soberan izan zituen finalera sartzeko. Bosgarren postua ere hamaika segundo eskasera izan zuen lesakarrak eta pena horrekin bueltatu zen. Beatriz Tanco sarrigurendarra zortzigarren izan zen (18:43) eta Garazi Arruti bilbotarra bederatzigarren (18:45).

Beraz, Arrutik, Sorondok, Fernandez de Barrenak, Ariztegik, Barrenetxeak eta Zapirainek lortu dute urriaren 15ean Elgoibarren jokatuko den finalerako txartela. Finalean lan bikoitza egin beharko dute: bi kanaerdiko, bi 45 ontzako eta bi 36 ontzako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun