'Arnasetik' bideosormen lehiaketa antolatu du UEMAk bigarrenez

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 15a, 17:00

Lehenengo edizioak izandako arrakastaren ondotik, bigarrenez antolatu du UEMAk Arnasetik bideo-sormen lehiaketa. Helburua euskararen arnasgune izendatutako herrietako 10 eta 16 urte bitarteko gazteek haien sormena erabiliz euskararekin lotutako istorioak kontatzea eta hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea da. 

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk sustatutako ekimena da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz.

Arnasetik lehiaketa euskararen arnasguneetako ikastetxeetako 10 eta 16 urte arteko ikasleei zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago eta ikasleek modu partikularrean, taldeka edo ikastetxearekin hartzen ahal dute parte.

Hiru kategoria

Adinaren arabera sailkatutako hiru kategoria daude eta kategoria bakoitzak aurkeztu beharreko lanak hauek dira.

  • A kategoria, 5. eta 6. mailako ikasleak: Beraien herriak nolakoak diren azaldu beharko dute, bertan zer egin daitekeen eta, garrantzitsuena, euskara maila hobetzeko zergatik diren egokiak azalduz. Euskara ikasi nahi duen norbaitentzat zergatik den egokia herri hori, alegia. Promozio-bideo baten bitartez edo formatu librean (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti…) aurkeztu ahal izango dira kategoria horretako lanak. Egin beharrekoaren adibide gisa bideo hau sortu dute.
  • B kategoria, DBH 1eko eta 2ko ikasleak: Beraien herrietako esamolde berezienak eta beraien esanahia azaldu beharko dute umorezko bideo baten bitartez. Adibide bezala bideo hau sortu dute.
  • C kategoria, DBH3ko eta 4ko ikasleak: Nahia Silleroren bideoa ikusita bideo bat sortu beharko dute modu originalean euskal kultura, musika eta ekimenak goraipatuz. Zein plan eginen zenukete? Zer gustatzen zaizuen bereziki? Zergatik?

Lanak urriaren 24rako entregatu beharko dituzte eta, ondotik, sari banaketa ekitaldia azaroaren 22an eginen dute Zarauzko Modelo aretoan.

Kategoria bakoitzak 500 euroko balioa duen sari bat izanen du, eta publikoaren saria ere banatuko da, guztira 2.000 euro banatuz. 500 euroko balioa duen sari bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITBren Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izanen da.

Lehiaketaren oinarriak hemen daude ikusgai.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun