Uterga eta Otxandorena aurrez aurre izanen dira Tafallan Nafarroako erremonte txapelketako zortzigarren jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 14a, 16:30
Otxandorena eta Uterga aurrez aurre izanen dira berriz ere ortziralean Tafallan.

Bi aurrelari doneztebarrek Agirrezabala eta Ion izanen dituzte lagun gibeleko koadroetan, Estebantxo Apeztegiaren omenez ortzirale arratsaldean jokatuko den jaialdian

Xanti Uterga eta Agirrezabalak, Eloi Otxandorena eta Ionen kontra jokatuko dute Nafarroako erremonte txapelketaren zortzigarren jardunaldian, irailaren 15ean, ortziralean 19:30ean Tafallan jokatuko den jaialdian. Urtero bezala, jaialdia Donezteben sortu eta Tafallako Pilotazale Peñaren laguntzaile nekaezina izan zen Estebantxo Apeztegia oroimenez eginen da.

Otxandorenak eta Ionek orain arte jokatu dituzten hiru partidak irabazi dituzte eta, beraz, Tafallan ere garaipena lortuko balute, matematikoki lehenbizikoak izanen lirateke ligaxkako sailkapenean. Utergak eta Agirrezabalak, berriz, garaipenarekin finalerdietarako txartela segurtatuko lukete.

Txapelketako partidaren aitzinetik, Oses eta Otano, Iruritako Jon Sagaseta eta Barricarten kontra ariko dira.

Erremonte Fundazioak antolatu duen jaialdiko sarrerak ADANO elkartera bideratuko dira. 17 eta 22 urte arteko ikusleek bortz euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek hamar euro. Hamasei urtetik beheitikoek ez dute ordaindu beharrik izanen. Erremontisten kamisetak ere zozketatuko ditu Erremonte Fundazioak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun