Eskolaz kanpoko jardueren garrantzia

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 10a, 10:00

Irudia: Freepik.com

Hamar ikasletatik bederatzik eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzen du gaur egun: musika, kirolak, hizkuntzak, eskulanak… haurraren garapenerako berebiziko garrantzia dute. Baina noski, aktibitate bat aukeratzerakoan, gaztetxoen ahotsa aditu behar da; zer gustuko duten eta zer ez ikasi, eta euren nahia errespetatu.

Eskolaz kanpoko jardueren onurak

Kirolak, hizkuntzak eta sormeneko jarduerak dira gehien aukeratzen diren aktibitateak. Ikerketen arabera, ekintza hauek onuragarriak dira neska- mutilen garapenerako: ezagutza akademikoak, koordinazioa, malgutasuna, bizkortasuna, talde lana, autoestimua, espresatzeko gaitasuna, sormena, diziplina… eta hauekin lotutako bertze hainbat balore bereganatzen dituzte. Honez gain, jarduera hauek lagungarriak dira errendimendu akademikoan, ezagutzak, energia eta arretarako ahalmena areagotzen baitute. Eta noski, haurraren trebetasun sozialak lantzeko balio dute.

Jarduera egokia aukeratzea

Aktibitatea aukeratzean, bistakoa da lehenbiziko haurrari galdetu behar zaiola, hark erabaki dezan. Ttikienen kasuan, haien gustu, interes eta beharrei erreparatu behar zaie; mugitzeko behar haundia baldin badute, aukera ona izan daiteke kirolen batean izen ematea.

Hala ere, kontuan hartu behar da aktibitate hauek ikaslearen aisialdiko parte direla, eta beraz, hautazkoak izan behar dutela. Haurraren gozamenak izan behar du helburu nagusia.

Errefortzu klaseak

Eskolako errefortzu klaseak ez dira eskolaz kanpoko jarduerak. Ikastetxeko ordutegitik kanpo izan ohi dira biak, baina errefortzu klaseek eskolan ikasitakoa osatzeko balio dute, batez ere ikasleak errendimendu akademiko baxua duenean.

Hala ere, biak bat datoz helburu batean: hezigarriak dira. Ikasteko eta garatzeko espazio ezin hobea eskaintzen diote haurrari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun