Euskal Herriko lehen mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa jokatuko dute irailaren 30ean, hileko azken larunbatean 18:00etan hasita Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Hamaika aizkolari ariko dira lehian, tartean Zigako Joxean Etxeberria, azaroaren 1ean Iruñean jokatuko den finalerako seikotean sartzeko.
Zigako aizkolariarekin bertze lau aizkolari nafar (Otsagabiko Iker Vicente gaur egungo txapelduna, Dorraoko Iban Resano eta Arostegik Oier Kañamares eta Xuban Kañamares), Gipuzkoako bertze lau (Astigarragako Jokin Urretabizkaia Basozabal, Zumarragako Xabier Zaldua, Mendaroko Hodei Ezpeleta eta Urnietako Julen Gabirondo), Bizkaiko federazioarekin lehiatzen duen David Naredo asturiarra eta Arabako federazioarekin lehiatzen duen Alvaro Garcia segoviarra ariko dira, Iruñeko Navarra Arena pilotalekuan azaroaren 1ean jokatuko den finalerako sei txarteletako baten bila. 54 ontzako, 60 ontzako eta 72 ontzako bina enbor moztu beharko dituzte, finalaren lan erdia.