Etxalarko Azkua Bizirik taldearen egitaraua
- 08:30ean Etxalarko plazatik abiatuko dira. Ibilbidean geldialdiak eginen dituzte bertako ondarearen inguruko azalpenak emateko, herriko artzainen eta natura adituen eskutik. Bertzeak bertze, gau lana, artzaintza, arbolak, iturriak... izanen dituzte hizpide.
- 11:00etan gosaria eginen dute (norberak berea eraman beharko du). Gisa berean, ikus daitezkeen hegaztiei buruzko azalpena emanen dute eta Azkua proiektuaren balizko aurreikuspen bati buruzko azalpenak ere emanen dituzte.
- 11:30ean ekitaldia eginen dute Azkua mendian. Azkua Bizirik, Arantza Bizirik, Igantzi Bizirik eta Malerreka Bizirik taldeak elkartuko dira. Irudia airetik hartuko dute.
- 14:00etan bazkaria eginen dute Nabarlan.
Azkua Bizirik taldeak «gure borrokarekin bat egiteko» deia egin du, «denon artean Azkua Bizirik irautea lortuko dugu eta».
Arantza Bizirik taldearen egitaraua
- 08:00etan Arantzako plazan egin dute hitzordua. Irudi batzuk hartu eta handik Igantziko Bentetara joanen dira. Nahi duenak oinez Azkura joateko aukera izanen du. Antolatzaileek bi bat orduko ateraldia izanen dela adierazi dute. Oinez joaten ez direnak 4x4 ibilgailuetan joan beharko dute, eta Azkura ailegatu aitzineko 45 bat minutuak oinez egin beharko dituzte.
- 11:30ean ekitaldian parte hartuko dute, eta batzuek etxalartarrek antolatutako bazkarian eman dute izena.
Arantza Bizirik taldeak ere mendi martxan parte hartzeko deia egin die herritarrei.
Igantzi Bizirik taldearen egitaraua
- 08:30ean Igantzitik abiatuko dira.
- 11:30ean ekitaldian parte hartuko dute.
Igantzi Bizirik taldekoek adierazi dutenez, «iganderako banderola batzuk prestatu ditugu, eta gure asmoa ondotik etxeetan paratzea da. Igandean 25 bat lagun abiatuko gara, eta bidean grabaketa batzuk eginen ditugu». Horrekin batera, igandeko martxan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Baztango Erdiz Bizirik plataformak ere joateko deia egin du.