12.000 euro arteko laguntza emanen dute herri ttikietan langile autonomoen artean negozioak eskualdatzeko

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 5a, 15:00

Nafarroako Gobernuaren 'Etorkizuna zure erritmoan' kanpainarako erabili den spotaren irudietako bat.

Etorkizuna zure erritmoan kanpaina abiarazi du Nafarroako Gobernuak, negozioen txanda-poltsa eta enpresak ikusarazteko APP bat sustatzeko

Nafarroako Gobernuak 12.000 euro arteko laguntzak emanen dizkie 2.500 biztanle baino guttiagoko herrietan negozioak eskualdatzeko interesa duten langile autonomoei, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak norberaren konturako langileen kolektiboa babesteko bultzatutako neurrien esparruan.

Dirulaguntza horien xedea da lan autonomorako sarbidea sustatu eta erraztea, eta herri ttikietan kokatutako negozioak mantentzen laguntzea. Bideragarritasun ekonomikoa eta soziala duten negozioak dira, baina desagertzeko arriskuan daude, titularrak erretiratu ondotik segidarik ez dutelako. Laguntza ekonomiko hori Nafarroako Lan Autonomoaren II. Planean jasota dago, enpresen belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko bidean, zehazki.

Gaurtik aitzinera, Lan autonomoa: etorkizuna zure erritmoan izeneko kanpaina paratu dute martxan langile autonomoei laguntzeko. Hiru helburu ditu kanpainak: eskura dauden laguntzak zabaltzea, Nafarroako Gobernuaren Negozioko Errelebo Poltsaren erabilera sustatzea eta telefono mugikorretarako aplikazio bat, langile autonomoen negozioak ikusarazteko diseinatua. Baliabide horiei buruzko informazio guztia eta horien eskuragarritasuna gobernuaren webgunean dago.

Zehazki, 2.500 bizilagunetik beheitiko herriguneetan negozioak eskualdatzeko laguntzak eskatzeko epea joan den abuztuaren 18an hasi zen eta 2023ko azaroaren 30ean bukatuko da. Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz laguntzen ahal diren gastuen aurrekontuaren %70ekoa da. Gehienez ere 10.000 euroko laguntza eman ahal izanen da eskualdatutako negozio bakoitzeko, eta 12.000 eurokoa ere izan daiteke, emakumeen edo ezgaitasuna duten pertsonen eskaeretan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun