Helduen euskararen irakaskuntza sustatzeko ‘Euskara ahora’ kanpaina aurkeztu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 1a, 13:00

Euskara ikasteko laguntzak eskatzeko epea urriaren lehenean irekiko da eta azaroaren 30a arte zabalik egonen da

Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Ana Ollo lehendakariordeak zuzendua, Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuaren bidez, helduen euskalduntzea sustatzeko ‘Euskera ahora’ kanpaina antolatu du 33 toki entitaterekin eta arloko hainbat eragilerekin batera: Zubiarte euskaltegi publikoarekin, hizkuntza eskola ofizialekin, eta gizarte ekimeneko AEK, IKA eta Bai&by euskaltegiekin. 5.000 pertsona helduk baino gehiagok euskara ikasten dute ekimen bateratu honi esker eta laguntzak urriaren 1etik azaroaren 30era bitarte eska daitezke. 

Gaur ezagutzera eman den kanpainaren aurkezleak honako hauek izan dira: Jabier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzailea, Mikel Arregiren lekukoa hartu berri duena; Mikel Oteiza, Atarrabiako alkatea, kanpainan parte hartzen duten toki entitateen ordezkari; eta Beatriz Buldain AEKren Nafarroako koordinatzailea, gizarte ekimeneko euskaltegien ordezkari. Aurkezpenean, hizlariekin batera, Kepa Yécora Zubiarte euskaltegi publikoaren ordezkariak, Santi Leoné Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko zuzendariordeak, eta Joxerra Olano IKAko irakasleak ere parte hartu dute.

Euskara ikastaroetan izena emateko epea irekitzearekin batera, Nafarroako Gobernuak, toki entitateek eta euskaltegiek “Euskera ahora” kanpaina aurkeztu dute gaur, Nafarroako herritarrak -gazteak batik bat- euskara ikastera animatzeko; euskara ikastea aukera erakargarria baita, bizipen berriak eman eta aukerak zabalduko dituena. Gaztelaniaz eta euskaraz ez ezik, arabieraz, frantsesez eta ingelesez ere ematen da funtsezko informazioa.

Sustapen-kanpaina irail osoan eginen da. Horretarako, sare sozialak erabiliko dira; esku-orriak banatuko dira; iragarkiak jarriko dira markesinetan, tokiko aldizkarietan, musika-irratietan bai eta NUPeko Arrosadiko Campusean ere. Kanpainan eginen den inbertsioa 75.000 euro ingurukoa izanen da.

Irakaskuntza egokitua, publiko anitz bati erantzuteko eran

Jabier Arakama Urtiaga Euskarabideko zuzendari kudeatzaile berriak, Mikel Arregiren lekukoa hartu berri duenak, nabarmendu nahi izan duenez, «kanpainaren helburu nagusia euskaraz ez dakiten nafarrak, gazteak batik bat, euskaraz ikastera bultzatzea da eta, horretarako, Nafarroan zehar dauden euskaltegietan (edo hizkuntza eskoletan) matrikula egitea. Euskara ikastera animatuz gero, euskaltegietan irakasleen eta taldekideen laguntzaz, urratsez urrats, aurrera eginen dute abentura horretan». Era berean, zuzendariak nabarmendu duenez: «batzuentzat euskara mundu berria izango da; beste batzuentzat, aldiz, ez, euskararekin lehen harremana eskolako urteetan izan baitzuten, haurretan, eta orain ikaste horretan sakondu nahi dute». Izan ere, euskara jakitea zeinahi adineko eta jatorriko nafarrentzat ernagarria dela azaldu du: «herritar guztiak euskarara hurbiltzera animatu nahi ditugu. Izan ere, euskaltegiek ahalegin handia egin dute beren prestakuntza-jarduerak mota guztietako publikoetara egokitzeko».

Euskarazko irakaskuntza doakoa izateko urrats berriak

Euskarazko irakaskuntzaren doakotasunerantz aurrera egiteko asmoz, herritarrek hizkuntza hori jakiteko duten eskubidearekin, Nafarroako Gobernuak handitu egin ditu helduentzako banakako laguntzetara bideratutako kopuruak, bai eta euskaltegientzako laguntzen deialdiarenak ere.

Banakako laguntzei dagokienez, deialdiak 350.000 euro aurreikusten ditu, iaz baino 50.000 euro gehiago. 2021-2022 ikasturtean 1.000 lagun baino gehixeagok jaso zuen laguntza; 2022-2023 ikasturtean, aldiz, onuradunak 1.300 ikasle izan dira (%30 gehiago).

Euskaltegientzako laguntzei dagokienez, 2023-2024 ikasturterako deialdiak 2.460.000 euroko aurrekontua du, aurreko ikasturtean baino ia 360.000 euro gehiago (%17 igo da).

Toki-erakundeen ekarpena

Mikel Oteiza Iza Atarrabiako alkateak eta toki entitateen ordezkariak nabarmendu duenez: udalek, mankomunitateek eta batzar nagusiek koordinatuta lan egiten dute euskararen normalizazioaren eta erabileraren sustapenaren alde, euskara-zerbitzuen bitartez. Normalizazio horren helburu estrategikoetako bat da euskara dakiten nafarrak gero eta gehiago izatea, eta, horretarako, helduen artean euskararen ikaskuntza bultzatzea. Hori dela eta, duela bi hamarkada baino gehiagotik matrikulazio-kanpainak egiten dituzte, eta dirulaguntzak eskaintzen dituzte euskara ikastera animatzeko eta doakotasunean aurrera egiteko.

Era berean, udalburuak toki entitateetako euskara zerbitzuek elaide.eus webgunea dutela aipatu zuen, euskara ikasi eta hobeto ezagutu nahi dutenentzako zein euskaraz bizi nahi dutenentzako tresna. Bertan, prozesu horietan murgilduta daudenei informazioa eta baliabide baliagarriak eskaintzen zaizkie.

Azkenik, 33 toki entitateen izenean, guztiak gonbidatu zituen, bereziki gazteria, euskararen partida jokatzeko erronkari aurre egitera, izan ere, “beste pertsona batzuekin batera, taldean, euskaltegiaren esperientziak mundu liluragarri batean murgiltzea ahalbidetzen du”.

Gizarte ekimeneko erakundeen lana

Gizarte ekimeneko euskaltegien ordezkari aritu den Beatriz Buldain AEKren Nafarroako koordinatzaileak nabarmendu duenez: “Ikasturte berri bati heltzeko irrikan gara. Azken urteetako joerak, gainera, izugarri animatzen gaitu, Nafarroa osoan, jende gehiago hurbiltzen ari delako euskaltegietara”. Gainera, helduek euskara dohainik ikastea bermatzeko, laguntza handiagoak, bai eta euskaltegietarako baliabideak areagotzea ere, eskatu ditu.

Berebat, gogoratu du lau hamarkada baino gehiago daramatzatela euskara irakasten, euskal hiztunak sortzen, euskaraz biziko diren nafarrak  bultzatzen eta euskal kultura zabaltzen, euskaltegiak ez baitira euskara ikasteko leku hutsak. Amaitzeko, jardun horietan bidaide izateko, AEKren eta IKAren sarea eskaini du, Nafarroa osoan 100 bat herri eta auzotan duten sare zabala alegia.

Informazioa eta laguntzak

Euskarabideak, seigarren urtez, euskara ikasten duten helduentzako dirulaguntza deialdi bat jarri du abian, 2023-2024 ikasturtean ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta autoikaskuntza ikastaroak egiteko. Urtero, 5.000 pertsonak baino gehiagok hartzen dute parte programa honetan. Ikastaro hauetan matrikulatzen diren ikasle helduek 380 euro bitarteko dirulaguntzak lortu ahal izango dituzte, eta, gainera, laguntza horiek bateragarriak dira toki entitateek ematen dituztenekin.

Euskara ikasteko laguntzak eskatzeko epea urriaren lehenean irekiko da eta azaroaren 30ean amaituko.

Interesa duten ikasleei informazioa emateko ondoko webgunea gaitu da: www.euskaraikasi.nafarroa.eus / www.aprendeeuskera.navarra.es. Bertan, Nafarroan euskara ikasteko ikastegi publikoei eta gizarte ekimeneko euskaltegiei buruzko informazio osoa, bai eta ikaskuntzarako laguntzak eta laguntza horiek eskaintzen dituzten herrien zerrenda ere agertzen da.

Bertzetik, irailean, 012 telefono bidezko arreta zerbitzuak eskaintzari eta laguntza horiei buruzko informazioa emango du, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 19:00etara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun