Tokikomek hartuko du FesTVal 2023ko EITB saria

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 31a, 15:00

Euskal Herriko tokiko hedabideen sareak hartuko du aurtengo EITBSaria, Tokikometik adierazi dute mundu mailan tokikoak hartzen ari diren lekua aitortu duela EITBk ere eta «sektorekoek aitortzea pozgarria da». 

TOKIKOM elkarteak hartuko du aurten EITB Saria FesTVal Gasteizko telebista jaialdian. Euskarazko 76 toki komunikabidek –tartean dira TTIPI-TTAPA aldizkaria eta Xorroxin irratia– osatutako sarearen hamar urteko ibilbidea nabarmenduko du EITBk, eta euskal esparru komunikatiboaren alde egindako lana aitortu.

Festval-ek zabaldutako oharrean dioenez, «hamarkada batean, TOKIKOMek agerian utzi du zein garrantzitsuak diren tokiko komunikabideak gizartean, bertako informazioa galdu ez dadin. Gainera, elkarlan eredu berriak ezarri ditu, tartean EITBrekin, sektorearen hedapena sustatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko».

Elkarlan horien artean daude, Primeran ikus-entzunezko plataformarako egindako lana, datu kazetaritzan lehen pausoak eman dituen Saretzen proiektua, irratietara tokiko istorioak eramateko irrati-kolaborazioa, partekatu ditugun jakintza eta erremintak, saio bereziak elkarlanean produzitu eta pantailaratzea, etab. 

Alaitz Artolazabal zuzendariak pozez hartu du saria: «Euskara hutsezko hedabideak aitortzea ez da egunero gertatzen. Komunitate sendoa osatzen dugu, baina are handiagoa izango bada elkarlan efektiboak beharko ditugu ezinbestean. Txikitik egiten dugun ahalegin hau EITB moduko enpresa handi batek ikusi izana positiboa da eta indarrak ematen dizkigu beste hainbeste urtetan jarraitzeko». 

TOKIKOMek zero kilometroko komunikazioa lantzen du: hurbileko komunitatearekin bat eginda, informazioa bertatik bertara lantzeko, inguruko norbanako eta entitateekiko konpromisotik, modu zintzo eta profesionalean. Informazioa bertatik betara lantzen du bitartekaririk gabe, iturriak kontrastatuz eta zurrumurruei bidea itxiz. Tokikomeko hedabideak kolore eta joera guztietarako biztanleengana heltzen dira. Eraginkortasunez eta baliabideei ahalik eta atarramendu handiena atereaz, konpromisotik eta komunitatea bera hobetzeko ahaleginean ale bat gehiago jarriz. Lan jarduna euskara ardatz delarik egiten da. Tokikom markaren gibelean 250 profesional baino gehiago ari dira lanean 76 komunikabide baino gehiago biltzen dituen bateragunean, guztiek ere komunikazio zerbitzua helburu izanik.

ETBko kirol zerbitzuentzako ere izanen da aitortza. XV. edizioko sari berezia emanen diote informazioa eskaintzeko eta euskal kirolari zabalkundea egiteko, baita emakumezkoek egindako kirolaren erakusleiho izateko ere egindako lanagatik. 

Saria irailaren 9an eginen duten Festval 15. edizioaren galan hartuko du Tokikomek, iluntzean, Gasteizko Principal antzokian, 20:00etan eginen den ekitaldian. Alfonbra laranjatik desfilatuko duten gainontzeko sarituak aitzinerago jakinaraziko dituzte. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun