Gipuzkoako taldea (Ainitze Zumeta, Udane Ostolaza eta Nerea Arruti) nagusitu zen abuztuaren 28an Elgoibarren jokatutako taldeko herri kiroletako emakumezkoen triatloiaren bigarren edizioan. Xanta Sousa lesakarrak, Iruñeko Patricia Martinek eta Berako Nerea Sorondok osatutako Nafarroako taldea bigarren izan zen.
Maika Ariztegi iturendarra, berriz, Bizkaiko taldearekin aritu zen, Nerea Egurrola eta Karmele Gisasola Zelai III.arekin batera eta hirugarren izan ziren. Mintxeta taldea (Julia Martinez, Olaia Esnaola eta Uxue Ansorregi) laugarren izan zen.
Kirolariak hiru txandatan aritu ziren txinga eramaten (denera 28 plaza 25 kiloko txingekin), harri-jasotzen (denera 34 jasoaldi 63 kiloko zilindroari, 63 kiloko kubikoari eta 50 kiloko bolari) eta aizkoran (kanaerdiko 3 enbor moztu). Gipuzkoako hirukoteak 16 minutu eta 4 segundo behar izan zituen lana burutzeko, Nafarroak 17 minutu eta 27 segundo, Bizkaiak 18 minutu eta 34 segundo eta Mintxetak 19 minutu eta 55 segundo.