Arantzak eta Igantzik irabazi dute Nafarroako Herriz Herriz Txapelketa

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 28a, 14:00

Larunbatean jokatu zituzten  Antsoaingo Idaki kiroldegiko frontoian Nafarroako Herriz Herri Txapelketako finalak. Maila absolutuko txapelak eskualdera etorri dira, Arantzak irabazi baitzuen lehen proba konbinatua, eta Igantzik, aldiz, bigarrena. Gazteen kategorian Araxes nagusitu zen.

Jende aunitz bildu zen larunbatean Antsoainen Nafarroako Herriz Herri Txapelketako finala ikusteko. 17:00etan puntuan hasi ziren kirolariak jardunean, eta gazteen mailakoak izan ziren lehiatzen lehenak.

Berriozarko, Antsoaingo eta Araxesko taldea aritu ziren nor baino nor. Araxesko taldea nagusitu zen Antsoaingo jardunaldian. Kasu honetan Elizondon eta Burlatan jokatutako puntuak gehituta, Araxesek irabazi zuen lehiaketa, bigarren lekuan Berriozar sailkatu zen eta hirugarrenean Antsoain. 

Gazteen lehia bukatuta, maila absolutuko taldeak lehiatu ziren ondotik. Lehenengo proba konbinatuan Arantza, Arraioz, Sunbilla eta Berriozar lehiatu ziren. Txokorretan, zakuarekin lasterka, aizkoran, lasterka eta arpanean aritu behar izan ziren kirolariak. Aranztarrak bertzeak baino azkarrago hasi ziren, eta aise nagusitu ziren 20.20.04ko denbora eginda. Lehia estuagoa izan zen bigarren eta hirugarren sailkatuen artean, eta azkenerako Arraioz (21.19.82) nagusitu zitzaion Sunbillari (21.29.01). Azken postuan Berriozar gelditu zen, 23.54.11ko denborarekin.

Berdinketa bigarren proba konbinatuan

Bigarren proba konbinatuan txinga eramaten eta ingudearekin aritu behar izan ziren kirolariak. Arraioz, Berriozar, Igantzi eta Sunbilla sailkatu ziren bigarren probarako.

Txinga eramaten aritu behar izan zuten lehenengo, eta Igantzik irabazi zuen 02:12ko denbora eginda. Arraioz gelditu zen bigarren 02:19ko denborarekin, Berriozar hirugarren 02:23rekin eta Sunbilla 02:49rekin. Lehen proba bukatuta, Igantziri 4 puntu eman zizkioten, Arraiozeri 3, Berriozarreri 2 eta Sunbillari 1.

Minutu batean ingudeari ahalik eta altxaldi gehien eman zizkieten bigarren konbinatuko bigarren proban. Kasu horretan Sunbilla nagusitu zen 63 altxaldi eta 4 puntu lortuta, Berriozar gelditu zen bigarren 60 altxaldi eta 3 punturekin, Arraioz hirugarren 55 altxaldi eta 2 punturekin eta Igantzi laugarren 54 altxaldi eta puntu bakarrarekin.

Aipagarria da, Sunbillako taldean ingude altxatzen aritu zen Esti Gastearenak Nafarroako errekorra hautsi zuela 25 kiloko ingudeari 63 altxaldi emanda.

Bi probetako puntuazioa gehituta berdinketa laukoitza izan zuten lau taldeek, denek baitzituzten 5 puntu. Araudia aztertu ondotik, Igantzi izan zen irabazle, Berriozar bigarren, Arraioz hirugarren eta Sunbilla laugarren.

Arratsaldea borobiltzeko sari banaketa eta talde argazkia atera zituzten parte hartzaile denek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun