Iracheren arabera, Nafarroako gurasoek 328 euro gastatuko dituzte ikasturte hasieran

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 27a, 11:00

Ikasturtea hasteko egun batzuk baino ez dira falta; irailaren 1ean bueltatuko dira irakasleak ikastetxeetara; haur eta lehen hezkuntzetakoak irailaren 7tik 11ra eta bigarren hezkuntzakoak, Batxilergokoak eta lanbide heziketakoak irailaren 7an. Irachek kontsumo arduratsua egiteko aholkatu du.

Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak eskatuta, Cies etxeak inkesta egin du Nafarroako familien artean eta horren arabera, eskola adinean diren familien % 62k 100 eta 400 euro artean gastatuko du ikasturte hasieran; % 21ak 400 eta 600 euroko gastua eginen du; % 8ak 100 euro baino guttiago gastatuko du eta gainerako % 7ak 600 euro baino gehiago. Batez beste 328 euro gastatuko dituzte Nafarroako familiek.

Eskualdean ez dago uniformedun ikastetxerik, baina Iracheren arabera, «txaketa, niki eta galtza sorta batek ez du 65 euro baino guttiago balio», eta horri oinetakoak gehitu behar zaizkio. Kirol arropa erosi behar izatekotan, «gastua bertze 70 eurokoa izan daiteke, oinetakoak kontuan hartu gabe».

Liburuen kasuan, lehenbiziko eta bigarren hezkuntzetako ikasleek Eskola Liburuen Doakotasun Programarekin bat egin dezakete. Baina halakorik egiten ez badute, «85 eta 125 euro» artean gasta dezakete. Administrazioak ikasle bakoitzeko kopuru hauek ematen ditu testuliburuei dagokionez; 97 euro Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailan; 133 euro Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik seigarrenera; 223 euro Bigarren Hezkuntzako lehen mailatik laugarrenera bitarteko ikasle bakoitzeko. Baina Iracheren hitzetan, «programa horrekin bat egiten ez duten familietan gehiago gastatzen dute».

Gainerako eskolako materialen prezioen artean izaten den aldeaz ere aritu da Irache: «Badira 7,95 euro balio duten motxilak, baita 190 euro balio dutenak ere». Gisa berean, «estutxeetan, boligrafoetan, lapitzetan eta margoetan 40 euro erraz» gastatzen direla dio Irachek, eta «koaderno, orri eta karpeten gastua gehitu behar da». Bateko eta beste, «100 euro lasai ederrean» joaten dira Iracheren arabera, eta «tresna teknikoak, hau da, konpasa, kalkulagailuak... erosi behar izatekotan, gastua nabarmen igoko da».

Bertzetik, eskola garraioaren gastua «hilabetean 100 eta 120 euro artekoa» da Irachek jakinarazi duenez, eta jantokia «hilabetean 105 eta 150 euro artekoa».

Irailera begira Iracheren aholkuak

Irailera begira, «erosketa arduratsua» egiteko aholkuak eman ditu kontsumitzaileen elkarteak:

  • Ikasturtea hasteko behar den guztiaren zerrenda egin.
  • Lehendik etxean dauden baliabideak eta materialak aztertu.
  • Erosi beharrekoaren arabera, dendetako prezioak konparatzea egokia izan daiteke.
  • Marken gainetik produktuen kalitatea kontuan hartu. Iracheren ustez, «modan dagoen pertsonaia baten produktuak nabarmen garestitu dezake produktua».
  • Denda aunitzek deskontuak eta promozioak egiten dituzte. «Aztertu, arretaz, baldintzak».
  • Materiala zaintzearen garrantzia jakinarazi haurrei, ahalik eta denbora gehien iraun dezaten.
  • Fakturak xehatuta eskatu, eta fakturak gorde, gero erreklamatu behar da.
  • Laguntzen eta beken inguruko informazioa bildu.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun