Etxebizitzen alokairuari buruzko zalantzak argitzeko, Irache kontsumitzaileen elkarteak gida bat argitaratu du

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 26a, 10:00

Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak gida bat argitaratu du herritarrei etxebizitzen alokairuari buruzko zalantza nagusien berri emateko eta hartu-eman horiek errazteko. Izan ere, abuztuan eta irailean errentamendu ugari sinatzen dira, horietako anitz ikasleei. Hona hemen argitu nahi dituen gaietako batzuk:

Zenbat irauten ahal du alokairuak?

Alokairuak bi aldeek adosten dutena iraunen du. Baina hitzartutako iraupena 5 urtetik beherakoa baldin bada, kasu horretan kontratua automatikoki berrituko da urtero, 5 urteak bete arte, salbu eta maizterrak kontratua hogeita hamar egun lehenago ez luzatzeko asmoa adierazten badu.

Kontratuaren (edo luzapenen) mugaeguna iritsitakoan, gutienez lehenengo 5 urteak igaro ondtik, bi aldeetako batek ere ez badio bertzeari jakinarazi kontratua amaitzeko asmoa duela –jabeak lau hilabete lehenago egin behar du, eta maizterrak bi hilabete lehenago–, kontratua urtero luzatuko da, gehienez ere bertze 3 urtez, non eta maizterrak ez duen aurka egiten urte horietako bakoitza bukatu baino hilabete lehenago.

Legeak ezarritako kontratuaren luzapenak amaitzean (nahitaezkoa edo isilekoa), egoera zaurgarrian dauden maizterrek urtebeteko aparteko luzapena eskatu ahal izanen dute baldintza berberetan, eta luzapen hori nahitaez onartu beharko du etxebizitzaren jabeak, berau edukitzaile handia baldin bada. Era berean, etxebizitza tenkatutako bizitegi-merkatuko eremu batean baldin badago, errentariak lehendik eskatuta, errentamendu kontratua urteko epeetan luzatu ahal izanen da, gehienez ere hiru urtez, Estatuko Etxebizitza Legeak adierazten duenaren arabera.

Ikasturteak irauten duenerako bakarrik alokatu dezaket?

Bai, ikasleen kasuan denboraldi laburragoko kontratua sina daiteke eta hor zehaztuko da ez dela ohiko etxebizitza erabiltzeko errentamendu bat, alokairuaren arrazoia eta iraupena. Ohikoa da pisuen alokairuak ikustea unibertsitateko ikastaroaren iraupena duten ikasleentzat.

Maizterra naizen aldetik, kontratuan atzera egin dezaket?
Ohiko etxebizitzarako errentamenduetan, maizterrak seigarren hilabetetik aitzinera utz dezake alokairua, betiere 30 egun lehenago jakinarazten baldin badu. Kasu horietarako, bi aldeek hitzartu dezakete maizterrak hilabete bateko kalte-ordaina ematea jabeari, bete gabe gelditzen den alokairu-urte bakoitzeko. Bete beharreko denbora urtebetera iristen ez bada, hileko errentamenduaren zati proportzionala kalkulatuko da.
 
Bertzalde, errentatzaileak, baldin eta pertsona fisikoa bada, alokairua eten dezake lehenengo urtetik aitzinera, baldin eta kontratuan berariaz idatzita utzi baldin badu berak, gurasoek, seme-alabek edo ezkontideak (bananduta edo dibortziatuta egonez gero) pisua 5 urte bete baino lehen behar dutela etxebizitza iraunkor gisa.
 
Etxebizitza berreskuratzeko ahal hori baliatzeko, errentatzaileak errentariari jakinarazi beharko dio errentan hartutako etxebizitza behar duela, eta arrazoia zehaztu beharko du, etxebizitza beharko den eguna baino bi hilabete lehenago gutienez.
 
Jabeak fidantza eska dezake?
Ohiko etxebizitzaren errentamenduetan, nahitaezkoa da maizterrak, gutienez, errentaren hilabete baten baliokidea den fidantza bat eskudirutan ematea –sasoiko errentetan bi hilabeteko baliokidea–. Gutieneko horretatik aitzinera, bertze berme gehigarri bat adostu daiteke. Ohiko etxebizitzarako alokairuen kasuan, berme horrek ezingo du gainditu bertze bi hileko errentamenduaren balioa. Oro har, fidantza errentamenduaren amaieran itzuli behar da. Kontratuan pisuaren inbentarioa sartzea komeni da, eta argazkiekin jasotzea zein egoeratan dagoen.

 

Hitzartutako errenta beti da berdina edo urtez urte eguneratzen da?
Prezioen eguneraketarik hitzartzen ez bada, errenta beti berdina izanen da kontratuak irauten duen bitartean. Eguneratze bat hitzartzen baldin bada, kasu horietan legeak adierazten du eguneratzeak ezin izanen duela KPIa gainditu.
 
Hala ere, Gobernuak ezohiko neurri bat hartu du, 2023ko eguneraketa % 2ra eta 2024koa % 3ra mugatzen duena. Edukitzaile handiak diren errentatzaileen kasuan (bizitegi erabilerako hamar hiri-higiezin baino gehiagoren titularra den pertsona fisiko edo juridikoa edo bizitegi-erabilerako 1.500 m2 baino gehiagoko azalera eraikia duena, garajeak eta trastelekuak alde batera utzita), igoerak ezin izanen ditu inolaz ere ehuneko horiek gainditu.
 
Edukitzaile handiak ez diren errentatzaileentzat, errentariarekin bertze errenta igoera bat hitzartu daiteke, biek onartzen badute. Akordiorik ez badago, ezin izanen dira gorago aipatutako ehunekoak baino gehiago igo.

 

Komeni da argia eta gasa maizterren izenean jartzea?

Bai, hobe da argiaren, gasaren edo ur-kontratuaren titulartasuna aldatzea, maizterraren izenean egon daitezen eta kontratuan idatzita gera dadin. Horrela, maizterra arduratuko da ordainketak egunean izateaz, enpresekin edozein gai negoziatu ahal izanen du, edo ez-betetzeen ondoriozko edozein ondorio bere gain hartu beharko du. Komunitateko gastuak, oro har, jabeari dagozkio, baina maizterrak bere gain hartu behar izatea itundu daiteke. Baliozkoa izan dadin, itun horrek idatzita agertu beharko du, eta gastu horien urteko zenbatekoa zehaztu beharko du kontratuaren datan.

Kontratua higiezinen enpresa batek prestatu baldin badu, kobratu al diezaieke kontratua prestatzeko lana erosleari eta saltzaileari?

Ez, onartu berri den Espainiako Etxebizitza Legeak ezartzen du higiezinen kudeaketako gastuak eta kontratua formalizatzeko gastuak errentatzailearen kontura izanen direla. Beraz, alokairua formalizatzeko gastuak ezin dira jabearen eta maizterraren artean kargatu edo partekatu, hori arras ohikoa baita orain arte.

Nonbait ere deklaratu behar dut etxebizitza bat errentan eman dudala?
Bai, ohiko etxebizitza baten alokairua sinatzean, pisuaren jabeak Nafarroako Etxebizitza Alokatzeko Kontratuen Erregistroan inskribatu behar du kontratua formalizatu eta hurrengo hilabetean. Behin errentamendua amaituta, erregistroko inskripzioa ezeztatu beharko du. Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak ofizioz erregistratuko ditu babestutako etxebizitzen errentamendu kontratuak, administrazioaren oniritzia dutenak.
 
Nahitaezkoa al da energia ziurtagiria?
Bai, etxebizitza bat alokairuan jartzeko, dagokion eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria izan behar du. Etxebizitza urtean lau hilabete baino gutiago alokatuko baldin bada bakarrik utz dezakete alde batera betebehar hori.
 
Nork ordaindu behar ditu etxeko konponketak?
Jabeak beharrezko obrak egin behar ditu etxebizitza bizigarritasun baldintzetan mantentzeko, salbu eta maizterra bada eragindako kaltearen erantzulea. Etxebizitzaren erabilera arruntak eragindako higadurak eskatzen dituen konponketa ttikiak maizterraren kontura izanen dira.
 
Maizterrak alokatu al diezaioke errentan hartutako etxebizitza bertze bati?
Ez, jabearen baimenik gabe ezin du. Errentariak ezin du errentamenduaren kontratua laga, osorik edo zati batean, errentatzailearen idatzizko adostasunik gabe.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun