40 graduren bueltan ibili ziren atzo termometroak, eta gauez ere, haize hegoaren eragina nabarmena izan da zenbait tokitan, tenperaturak gutti jaitsi baitira. Tenperatura maximoei dagokienez, Nafarroako Gobernuaren estazio meteorologikoetako datuen arabera, Donezteben jo zuen goia, eguerdian, 14:00 aldera 40,9 gradu neurtu baitzituzten.
Ikusi hemen estazio meteorologikoetan atzo neurtutako tenperatura maximoak eta minimoak
ESTAZIO METEOROLOGIKOA | TENPERATURA MAXIMOAK ATZO | TENPERATURA MINIMOAK ATZO |
Bera (Larretagaina) | 36,6 gradu | 19,8 gradu |
Lesaka (Astazelaieta) | 31 gradu | 18,9 gradu |
Lesaka | 38 gradu | 21 gradu |
Etxalar (Orizkiko lepoa) | 37,5 gradu | 19,8 gradu |
Goizueta | 36 gradu | 19,8 gradu |
Doneztebe | 40,9 gradu | 21,7 gradu |
Gorramendi (Baztan) | 32,1 gradu | 25,9 gradu |
Iñarbegi (Baztan) | 37,5 gradu | 20,7 gradu |
Gaur ere bero
Gaur ere berotik heldu da eguna, eta 13:00etatik aitzinera joko dute gailurra termometroek. Aipatu bezala, haize hegoaren ondorioz, zenbait bazterretan nekez egin du termometroak beheiti arratsean. Beran, adibidez, Larretagainan, goizaldean, 03:00 aldera, 31,4 gradu neurtu ditu termometroak eta 06:00 aldera ere 31 graduren bueltan zebilen termometroa.
Etxalarko Orizkiko lepoan ere ez dira jaitsi tenperaturak gauez. 03:00 aldera 31,9 gradu bildu dituzte eta 06:00 baino lehentxeago ere 31,4 gradu neurtu dituzte.
Gorramendin, berriz, gauerdian 28 gradu eta goizaldean, 04:00 aldera, 27 gradu neurtu dituzte.
Gainerako estazioetan, ordea, 20 gradutara jaitsi dira gauez termometroak.
Sute arriskua
Sute arriskua, bertzetik, gaur ere «muturrekoa» izanen dela ohartarazi du Aemetek. Aipatu behar da, sute arriskua muturrekoa izanda, bertzeak bertze, ezin dela ez barbakoarik egin, ez material piroteknikorik erabili. Horrez gain, ezin da erreketarik egin, ezta baso pistetan ibilgailuekin ibili ere, auzokoak edo baimendutako ibilgailuak ez badira behintzat. Traktoreekin ibiltzea ere debekatua dago.
Iragarpenen arabera, bihar tenperaturek beheiti eginen dute.