Urtero bezala, Artzain Eguna antolatu dute Uharte Arakilen abuztuko azken igandean, hilaren 27an. Artzainak omentzea du helburu festak, eta honekin lotutako hainbat txapelketa eta erakusketa izanen dira egun osoan. Hauek izanen dira eginen dituzten lehiaketak eta erakusketak:
- Nafarroako Artzain Txakurraren 55. lehiaketa
- Nafarroako Ardi Latxen esne gordinarekin egindako 41. gazta lehiaketa
- Nafarroako Ardi Latxen 38. erakusketa eta esne ekoizpenaren lehiaketa
- Latxa arrazaren estatuko 18. txapelketa
- Ardi moztaileen 34. txapelketa
- Ardiki lehiaketa
Hauez gain, 30 artisau postu inguruk osatutako azoka izanen da herrian, eta dozena bat gazta salmenta postu izanen dira, mota guztietako esnekiekin egindako gaztekin.
Jasangarritasuna eta irisgarritasuna
Antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengo erronka Artzain Eguna jasangarriagoa eta irisgarriagoa egitea da. Alde batetik, «artzaintza ardatz duen jai honek jasangarria izan behar du halabeharrez, lurrarekiko oreka bilatuz, kilometro zeroko produktuak bultzatuz, ekonomia zirkularra bultzatuz eta zaborrak murriztu eta birzilatuz». Horregatik, «jasangarriak diren produktuak ekoizten duen eta gure ingurua zaintzen duen sektorea babestea» dute helburu, «eta jaiak izan dezakeen inpaktua gutxitzen dihardugu».
Bertze aldetik, «eguna irisgarriagoa izatea nahi dugu pertsona guztiek gozatu dezaten, erraztasunak emanez eta aparkalekuak eta ekimenak egokituz. Lehenengo aldiz ezgaitasuna duten pertsonek eurentzat egokitutako aparkalekua izanen dute. Artzain Egunean pertsona guztiek izan behar dute lekua eta horretan lanean gabiltza».