Arantza eta Igantzi nagusitu dira herriz herri txapelketako hirugarren jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 7a, 16:00

Hasiera batean Igantzin jokatzekoa baldin bazen, eguraldiagatik Sunbillako frontoian egin zuten igande eguerdian

Nafarroako Herri Kirol Federazioak Herriz Herri txapelketa antolatu du aurten ere. Maila absolutuan eskualdeko bortz talde ari dira: Arantza, Arraioz, Basaburua, Igantzi eta Sunbilla. Horietatik hiru aritu ziren igande eguerdian Sunbillako pilotalekuan jokatu zen hirugarren jardunaldian: Arantza, Igantzi eta Sunbilla. Beraiekin batera Iturgoien aritu zen. Hasiera batean Igantzin jokatzekoa zen, baina euriagatik Sunbillara eraman zuten jardunaldia. Argazkiak: Maider Petrirena eta Arantxa Agirre

Bi proba konbinatutan lehiatu ziren. Alde batetik lehenengo proban bortz modalitate izan zituzten. Lagun bat lokotx biltzen aritu zen, ondotik bi lagunek 30 kiloko zakua dutela bi itzuli eman zizkioten 160 metroko plazari, gero aizkoran aritu ziren, lasterka egin zuten gero, txandaka bi lagun, eta plazari bakoitzak hiru itzuli eman zizkion 480 metro osatu arte. Bukatzeko arpanean aritu ziren bikote mistoak, etzanda jarritako metroko enborrari lau korte eginez. Lan hauek hiru aldiz egin zituzten. Beran jokatutako lehenbiziko jardunadian bezalaxe, Arantza izan zen bizkorrena (21 minutu eta 8 segundo), Sunbilla bigarren izan zen (22 minutu eta 20 segundo), Igantzi hirugarren (23 minutu eta 8 segundo) eta Iturgoien laugarren (28 minutu eta 39 segundo).

Bigarren proba konbinatuan bi kiroletan lehiatu ziren: txinga eramaten eta ingudea altxatzen. Lehenengo modalitatean 10 plaza osatu behar zituzten ahalik eta azkarren, emakumeek 25 kiloko txingarekin eta gizonezkoek 50 kilokoarekin. Ingude altxatzean, eta minutu batean ahalik eta altxaldi gehien eman behar zituzten, gizonezkoek 18 kiloko ingudearekin eta emakumezkoek 9 kilokoarekin. Txinga eramaten Igantziko ordezkaria nagusitu zen, Iturgoien, eta Sunbillakoaren aitzinetik. Ingudearekin, berriz, Sunbillako kirolaria izan zen onena, Arantza, Igantzi eta Iturgoienen aitzinetik. Gauzak honela, bigarren konbinatuan Igantzi nagusitu zen (6 puntu), Arantzak eta Sunbillak berdindu egin zuten bigarren postuan (5 puntu) eta Iturgoien laugarren izan zen (4 puntu).

Laugarren jardunaldia, berriz, Burlatako Ezkabazal plazan jokatuko dute abuztuaren 19an, larunbata eta Basaburua, Berriozar, Iturgoien eta Txantrea lehiatuko dira.

Finala Antsoaingo kiroldegian jokatuko dute abuztuaren 26an, 18:00etan, eta proba konbinatu bakoitzean sailkatutako lau talde onenak ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun