Doneztebe The Moment nagusitu da Laxoa txapelketako final handian

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 7a, 10:00

Larunbatean Oizen jokatutako finalean 9-3 irabazi zion Arraioz Sagardiari. 
Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Joan den astean jokatu zen Baztan-Errekako 43.  Laxoa txapelketako final txikia Oizen eta larunbat honetan, plaza berean, final handia jokatu zuten Doneztebe The Moment eta Arraioz Sagardia taldeek. Ligaxkan baztandarrak gailendu baziren ere, finalean, iaz bezala, Doneztebe The Moment nagusitu zen (9-3). Gisa honetara, Doneztebe The Moment-eko laukote honek bosgarren txapela jantzi du eta Doneztebek 22 ditu dagoeneko.

Doneztebe The Moment taldea Julen San Miguelek, Koldo Legarrak, Pascual Bertizek eta Javier Bertizek osatu zuten eta Arraioz Sagardia, berriz, Mikel Mindegiak, Ion Gamiok, Xabier Mihurak eta Miguel Maritorenak.

Final handiaren ondotik, sari banaketa egin zuten eta eguna afari eder batekin akitu zuten.

 

Doneztebe Apeztegia hirugarren

Baina aitzinetik, larunbat goizean, hirugarren posturako partida jokatu zuten Doneztebe Titi eta Doneztebe Apeztegiaren artean. Final handian baina berdintasun eta oreka gehiago izan zen eta zortzinako berdinketaren ondotik, Doneztebe Apeztegia gailendu zitzaion Doneztebe Titiri (9-8). Doneztebe Apeztegia taldea, Jon Apeztegiak, Ramontxo Etxebestek, Iban Santestebanek eta Joseba Juanenak osatu zuten eta Doneztebe Titi taldea David Mitxeok, Eloy Garciak, Erik Garciak eta Aimar Jabalerak.

Aipatzekoa da partida honetan, eguerdian, Angelusa ere kantatu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun