Herriz herri txapelketako hirugarren jardunaldia Igantzin jokatuko dute abuztuaren 6an

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 4a, 17:00
Santiago egunez Elizondon jokatu zuten herriz herri txapelketako bigarren jardunaldia. Argazkia: Ondikol

Eguraldi txarra eginen balu Sunbillako pilotalekuan ariko lirateke Arantza, Igantzi, Sunbilla eta Iturgoiengo taldeak igande eguerdian

 

Berako eta Elizondoko saioen ondotik, Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako herriz herri txapelketako hirugarren jardunaldia ere eskualdean jokatuko da. Abuztuaren 6an, igandean, 12:00etan eginen dute eta eguraldiaren arabera Igantzin edo Sunbillan izanen da. Bertan, Arantza, Igantzi, Iturgoien eta Sunbilla lehiatuko dira.

Bi proba konbinatutan lehiatuko dira. Alde batetik lehenengo proban bortz modalitate izanen dituzte. Lagun bat lokotx biltzen arituko da, ondotik bi lagunek 30 kiloko zakua dutela bi itzuli emanen dizkiote plazari, gero aizkoran aritko dira, lasterka eginen dute  gero, txandaka bi lagun, eta plazari bakoitzak hiru itzuli emanen dizkio 480 metro osatu arte. Bukatzeko arpanean aritko dira bikote mistoak, etzanda jarritako metroko enborrari lau korte eginez. Lan hauek hiru aldiz eginen dituzte. Bigarren proba konbinatuan, bi kiroletan lehiatko dira: txinga eramaten eta ingudea altxatzen. Lehenengo modalitatean 10 plaza osatu beharko dituzte ahalik eta azkarren, emakumeek 25 kiloko txingarekin eta gizonezkoek 50 kilokoarekin. Ingude altxatzean, eta minutu batean ahalik eta altxaldi gehien eman beharko dituzte, gizonezkoek 18 kiloko ingudearekin eta emakumezkoek 9 kilokoarekin. 

Laugarren jardunaldia, berriz, Burlatako Ezkabazal plazan jokatuko dute abuztuaren 19an, larunbata eta Basaburua, Berriozar, Iturgoien eta Txantrea lehiatuko dira.

Finala Antsoaingo kiroldegian jokatuko dute abuztuaren 26an, 18:00etan, eta proba konbinatu bakoitzean sailkatutako lau talde onenak ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun