Dena prest Lekunberriko Antzinako Azokaren edizio berri baterako

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 4a, 15:00

Hogeita zazpigarren edizioa beteko du igandean Lekunberrin Antzinako Azokak.

Musika izango da aurtengo edizioaren gai nagusia, eta abuztuaren 6an izango da, igandean, Lekunberriko alde zaharreko kaleetan

Zalantzarik gabe, Lekunberriko Antzinako Azoka da Plazaola-Mendialdearen inguruan dagoen ekitaldi errotuenetako bat. Milaka bisitari erakartzen ditu eta aurten 27. edizioa beteko du igandean.

Ohikoa denez, gai zehatz batek inspiratzen du urte bakoitzeko edizioa, betiere Lekunberriko eta Larraungo bailarako historia, kultura eta tradizioarekin lotuta dagoelarik. Oraingo honetan, musika izango da egitarauko ekitaldiak lotuko dituen gai nagusia: antzinako musika, bertako folkloreko musika tradizionala, dantzak, konpartsa, etab. Horrela, Lekunberriko kaleak jai-giroz beteko dira 10:00etatik 20:00etara, artisautza postuak, musika ibiltaria, animaliak eta lanabes tradizionalak, erraldoien konpartsa, trikitilariak, dantzariak, kontzertuak eta abar eskainiz. Bertako kaleak eta etxeak mimoz eta ilusioz apaintzen ari dira jada egun horretarako, antzinako azoketako giroa birsortzeko asmoz.

 

Musika eta dantza tradizionalak

Larraun eta Lekunberri bailaran, baita Plazaola-Mendialdea inguruan ere, bizirik diraute bertako folklorearen adierazpen askok, musika, kantua eta dantza horren adierazpen ezagunenetako batzuk direlarik. Aralar Musika Eskola edo Lekunberri-Larraungo eta Leitzako erraldoien konpartsak dira, besteak beste, horren guztiaren adibide.

Hori dela eta, egun osoan zehar musika izango da entzungai Lekunberriko alde zaharrean. Lehen ordutik, merkatu tradizionaletako musika ibiltaria izango da protagonista ibilbide osoan. Eta eguerdi aldera Aralar Musika Eskolako eta Lekunberriko erraldoi eta buruhandien konpartsako kideak batuko dira.

Txistuak, trikitixak, dultzainak, atabalak, danbolinak eta abar dira kaleak girotuko dituzten instrumentu tradizionaletako batzuk, eta jaiaren bi ekitaldi hunkigarrienak girotuko dituzte: desfilea eta banderaren dantza (12:00etan udaletxe aurrean), eta Lekunberri-Larraungo konpartsaren emanaldia, bertan "Malloa", "Napar", "Larraun" eta "Larrain" pertsonaien eta kilikien dantzak izango direlarik.

 

Antzinako musika Danserie Ensemble taldearekin, eta dantza herrikoiak Ortzadar taldearen eskutik

Antzinako musikak leku aparta izango du Danserie Ensemble talde iruindarraren eskutik. Lekunberriko elizan izango da Nafarroa iparraldeko eta Ipar Euskal Herriko musika tradizio herrikoia eta musika "jasoa" biltzen dituen emanaldi eder hau. Hori guztia txirula, salterioa edo ttun-ttuna bezalako instrumentuek lagunduta, eta antzinako piezak interpretatuz, kasu askotan talde honetako kideek ikertu eta bildu dituzten XVII. mendea baino lehenagoko piezak. 13:00etan izango da, Lekunberriko elizan.

Arratsaldean, 17:30ean, musika eta dantza herrikoien txanda izango da Ortzadar Euskal Folklore Elkartearekin. Plaza dantza formatuko emanaldia izango da, bertaratutakoei gure folkloreko dantzarik ezagunenak erakutsiz eta gozatzeko gonbita eginez. Udaletxearen ondoan izango da.

Jardunaldiaren amaierak ere kutsu musikal nabarmena izango du, kasu honetan, musika eta sua nahasten dituen ikuskizun batekin. 20:00etan izango da.

 

Tokiko eta Nafarroa osoko produktuen azoka egun osoan

Nola ez!, egun osoan zehar Plazaola-Mendialdea inguruan eta Nafarroa osoan egindako produktuen aparteko eskaintzaz gozatu ahal izango dute bisitariek. Guztira, 65 postu baino gehiago izango dira.

Napar Bideak, Nafarroako Elikagai Artisauak eta Plazaola Partzuergo Turistikoa elkarteetako kide diren artisauek euren tailerretan, baserrian edo ustiategietan egindako lanaren emaitzarik onena eskainiko dute: taloa, gazta, sagardoa, hestebeteak, eztia, ogia, tartak, etab. Horiek guztiak zuraren, zeramikaren, urregintzaren, ehungintzaren, larrugintzaren eta artisautzako beste zenbait teknikarekin bat egingo dute.

Esan bezala, Lekunberriko kale eta etxe zaharrenak apaintzen ari dira jada antzinako azokaren ekitaldi hau hartzeko eta bisitari guztiei ongietorria emateko.

 

Gero eta jasangarriagoa, irisgarriagoa eta inklusiboagoa den ekitaldi baten alde

Plazaolako Partzuergo Turistikoa eta Lekunberriko Udala, Nafarroako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako jarraibideekin bat eginez, lanean ari dira Antzinako Azokan bertan, baita zonaldeko beste ekitaldi antzekoetan ere, iraunkortasun, inklusibitate eta irisgarritasun irizpideak kontuan har daitezen. Gure lurraldeko ingurune kultural, sozioekonomiko eta naturala errespetatzen duten ekitaldi inklusibo eta unibertsalen aldeko apustu irmoa izango da honako hau.

 

Lekunberriko Udalaren webguneak (www.lekunberri.eus) eta partzuergoaren webguneak (www.plazaola.org) xehetasunez jasotzen dituzte arlo horretan hartutako neurriak, baina ondorengoak dira garrantzitsuenetako batzuk:

  • Garraio publikoan mugikortasuna sustatzea: egun horretan Lekunberrira iritsiko diren autobusen ordutegiak ("Conda" autobusak. www.alsa.es).
  • Merkatuaren esparrutik kanpo egokitutako aparkalekuak (seinalizatuta eta informazio emango duten boluntarioak egongo dira)
  • Mugikortasun Urriko Pertsonentzako Aparkalekua (MUP) azokako esparru berean: desgaitasuna izan eta mugikortasun urria duten pertsonendako automobilak aparkatzeko txartela eskatuko da
  • Komun egokituak: Azokatik gertu (frontoian)

 

  • Entzumen-desgaitasuna duten pertsonentzako indukzio-buclea informazio-puntuan. Fomakuntza duten pertsonek arreta egingo dute.
  • Artisautza-postuak, produktuen osagaiei eta alergenoei buruzko informazioarekin.
  • "0 Zabor" ekimena: zaborrontziak jarriko dira (koloreen arabera bereiziak), betiere espazio garbi eta osasungarria izateko helburuarekin ("Zaborra 0"), eta hondakinen gaikako bilketa eta birziklapena sustatuko da.
  • Edariak zerbitzatzen diren postuetan edalontzi berrerabilgarriak izango dira.

Ekitaldi honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritzaren bitartez. Plazaolako Partzuergo Turistikoak eta Lekunberriko Udalak antolatzen dute, Napar Bideak eta Mendialdeko Mankomunitatearen laguntzarekin.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun