Joan den astean jokatu zen Baztan-Errekako 43. Laxoa txapelketako final txikia eta larunbat honetan, eguraldiak laguntzen badu, final handia jokatuko da. Iazko txapelduna, Doneztebe The Moment, eta Arraioz Sagardia izanen dira aurtengo finalean, larunbatean 17:30ean hasita Oizko plazan.
Bi taldeek lan paregabea egin zuten ligaxkan eta finalerdietan Doneztebe Titi eta Doneztebe Apeztegia kanporatu zituzten, finalerako. Doneztebeko talde honek bosgarren txapela izanen du hau irabaziz gero, Arraioztarrek, aldiz, 2020an irabazi zuten txapelketa. Edizio hori, COVID-a dela eta berezia izan zen, kopa formatuan jokatu baitzen.
Doneztebe The Moment taldea Julen San Miguelek, Koldo Legarrak, Pascual Bertizek eta Javier Bertizek osatzen dute. Arraioz Sagardia, berriz, Mikel Mindegiak, Ion Gamiok, Xabier Mihurak eta Miguel Maritorenak.
Partida larunbatean 17:30ean hasiko da, Oizko plazan. Ondotik, sari banaketa eginen dute. Eguna afari eder batekin akituko dute.
Hirugarren posturako lehia larunbat goizean
Baina aitzinetik, larunbatean 11:00etan, hirugarren posturako partida jokatuko dute Doneztebe Titi eta Doneztebe Apeztegiaren artean. Doneztebe Titi taldea David Mitxeok, Eloy Garciak, Erik Garciak eta Imanol De Ruedak osatuko dute. Doneztebe Apeztegia taldea, berriz, Jon Apeztegiak, Ramontxo Etxebestek, Iban Santestebanek eta Joseba Juanenak.