Ukitzen zuen guztia urre bihurtzen zuen ipuineko Midas erregeak eta bertze horrenbertze erran daiteke azken hilabeteetan Aritz Juanenea Saldiasko erremontistaz. Edo bai bederen jokatzen duen txapelketa guztiak txapel bihurtzen dituela. Sagardoaren txapelketa, Erremontari herriz herri eta Jai Alai Summer Season txapelketen ondotik, azkenekoa, asteburu honetan, Jai Alai Zarautz Erremonte txapelketa izan da. Txapeldun suertatu da Juanenea, Urrizarekin bikote eginez.
Ortziraleko finalaurrekoan, Urrizak eta Juaneneak, Segurola eta Azpiroz kanporatu zituzten eta larrunbatean, bertze horrenbertze egin zuten Aldabek eta Barrenetxeak, Ansa eta Larrañagarekin. Igandeko final estuan, berriz, hiru joko behar izan zituzten Urrizak eta Juaneneak. Lehenbizikoa 15-10 irabazi zuten Urrizak eta Juaneneak, bigarrena 13-15 Aldabek eta Barrenetxeak eta kitarakoa, 5-3 Urrizak eta Juaneneak. Azken hilabetetako laugarren txapela, beraz, Juanenearentzat.
B taldeko txapelketan, berriz, Zaldua anaiak suertatu dira txapeldun. Finalaurrekoan Goikoetxea eta Oier Apezetxea goizuetarra kanporatu zituzten. Bertze finalaurrekoan, Loitegik eta Martirenak Oskar Urrutia II.a saldiastarra eta Aritz Zubiri goizuetarra kanporatu zituzten. Finalean, lehen jokoa galdu zuten Zaldua anaiek (15-14), baina bigarrena (12-15) eta kitarakoa (1-5) irabazi eta txapela jantzi zuten.