Laxoa txapelketako final txikia jokatuko dute uztailaren 29an Oizen

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 28a, 14:00
Oizko plazak hartuko du laxoa txapelketako final txikia larunbat honetan eta final handia abuztuko lehen larunbatean.

Etxeko taldea eta Irurita Migelene ariko dira, 17:30ean hasita

Larunbat honetan 17:30ean jokatuko da Oizko plazan Baztan-Errekako 43. laxoa txapelketako final txikia. Aurtengo txapelketa berezitasun batekin hasi zen, lehenengo aldiz bi final jokatuko baitira: Final handia eta final txikia. Lehenengo aldiz jokatuko den final txiki honetan, Irurita Migelene eta Oiz ariko dira. Baztango taldea Xabi Barberenak, Iñigo Dendarietak, Egoitz Primek eta Mikel Sagasetak osatzen dute. Malerrekako taldea, berriz, Ioritz Zelaietak, Aimar Saldiasek, Laurendi Zelaietak eta Zorion Zelaietak osatua da.

Partidu interesgarria izanen da eta seguruenik arras parekatua. Oroitarazi behar dugu, ligaxkan Oitz bosgarren sailkatu zela eta Irurita Migelene seigarrena, puntu bakarreko diferentziarekin. Finalerako bidean, Oizko taldeak Arraioz Zubiondori irabazi zion finalerdian eta Irurita Migelenek, berriz, Doneztebe Avia taldeari.

Finala eta gero, bi taldeekin sari banaketa eginen da. Hurrengo astean, abuztuaren 5ean, jokatuko da final handia, Doneztebe The Moment eta Arraioz Sagardia taldeen artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun