Energia komunitateak eta partekatutako autokontsumo taldeak garatzeko argindar banatzaileek trabak jartzen dituztela ohartarazi du Cedernak

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 28a, 16:00

Berako Energia Berriztagarrien Komunitatea sortzeko bilera.

Cederna Garalurrek, Nafarroako gainerako Tokiko Ekintza Taldeekin batera ohartarazi duenez, argindarraren banaketaz arduratzen diren enpresek oztopoak jartzen dituzte energia komunitateak eta partekatutako autokontsumo taldeak garatzeko. Nafarroan i-DE Iberdrola da banatzaile nagusia.

Nafarroako Tokiko Ekintza Taldeen arabera (Eder, Teder, Erdialdea eta Cederna Garalur), autokontsumo partekatuko instalazioak abiarazteko orduan eragozpen ugari izaten ari dira enpresa banatzaileen aldetik. CNMCk (Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala) prentsa ohar bat argitaratu berri du eta, ohar horretan, sektore elektrikoko enpresa garrantzitsuen egoitzetan lehiaren aurkako balizko jokabideengatik egindako ikuskapenen berri ematen du. «Ekintza desleialen bidez nagusitasun posizioko abusu eta/edo lehia askearen faltsutze izan daitezkeen jokabideak ikertzen ari dira», adierazi du Merkatuaren eta Lehiaren Batzorde Nazionalak. Informazio horren arabera, merkatu hauetan gertatzen da hori: «neurri elektrikoko ekipoak instalatzea eta zerbitzuak ematea; energia elektrikoa merkaturatzea; eta energia-zerbitzuak eta autokontsumoa instalatzeko eta operatzeko zerbitzuak ematea Espainian».

Prentsa oharrean diotenez, ikerketa horiek bi alditan egin ziren: 2023ko apirilaren 24tik 28ra eta ekainaren 19tik 23ra. Lehenengo ikerketa aldian, Xake autokontsumoari izenburuko iritzi artikulua argitaratu zen, energia sektoreko pertsona eta erakunde garrantzitsuek sinatua, Trantsizio Zerbitzuko zuzendaria barne. Artikulu horretan, hain zuzen, «enpresa banatzaileek autokontsumo partekatutako instalazioei egiten dieten blokeoa kritikatzen da, eta elkar ulertzerako eta konponbiderako deia» egiten da. 

Hainbat dira Nafarroan antolatzen ari diren energia komunitateak eta partekatutako autokontsumo taldeak. Tokiko Ekintza Taldeen iritzian premiazkoa da, beraz, «oztopoak kentzea» komunitateak abian jarri ahal izateko. Une honetan, Estellerrian, Los Arcos, Aberin, Arellano eta Abartzuzako udalek beren autokontsumo partekatuko proiektuak jarri dituzte abian, traba gehiagorekin edo gutiagorekin, eta Erdialdean, Artaxoa, Berbintzana, Murillo el Fruto, Tiebas, Obanos eta Gares ere ari dira beren proiektuetan. Eta hurbilago etorrita, Leitzan eta Beran, maila ezberdinetan bada ere, hasiak dira proiektuak garatzen baina ez dira oraindik gauzatu.

Merkatuaren eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren ikerketak, IDAEk eta I-DEk (Nafarroako banatzaile nagusia) autokontsumorako gida kolektibo bat argitaratu berri izanak eta, batez ere, autokontsumorako proiektuetako batzuk funtzionatzen hasi direla ikusteak, «okerrena pasatu dela pentsarazten du» Tokiko Ekintza Taldeek diotenez. Hala ere, «oraindik bide luzea dago egiteko eredu hori sendotzeko».
 

'Landa Iraunkortasuna' lankidetza-proiektua da, eta horretan Cederna Garalur Elkarteak, TEDER Partzuergoak eta Nafarroako Erdialdeko Partzuergoak parte hartzen dute.

«Landa iraunkortasuna, klima erronkari denon artean aurre eginez» proiektuak lortu nahi duen helburuetako bat da autokontsumo instalazioak sustatzea eta dagoeneko energia komunitate gisa existitzen direnei laguntzea. Nafarroako lau Tokiko Ekintza Taldeak (Eder, Teder, Erdialdea eta Cederna Garalur) ari dira parte hartzen horretan, eta argi azaldu dute behin eta berriz ari dela arazo bat sortzen lan horretan: autokontsumo partekatuak gauzatzeko eragozpenak.

«Energia trantsiziorako eta kontsumitzaileak babesteko premiazko neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretua onartu zenetik, 2018an, energia autokontsumoa inoiz ez bezala garatzen hasi zen» diote. «Araudia garatu ondotik —ez da nahikoa izan, eta ez du espero zen abiaduran aitzinera egin, Tokiko Ekintza Taldeen arabera—, dirulaguntza lerro ugari ireki ziren autokontsumo partekatuak eta energia komunitateak garatzeko. Prezioen koiuntura, 2021eko ekainetik eta 2022ra arte, pizgarri handia izan zen, inoiz ez bezalakoa. Gauzak horrela, autokontsumoak behin betiko gorantz joko zuela uste izan genuen. Baina proiektu horietako asko garatzea arazoz jositako bidea izaten ari da».

Diotenez, «'Landa-iraunkortasuna 2' proiektuan parte hartzen ari diren Tokiko Ekintza Taldeek zail izan dute tokiko agintarien edo energia komunitateen aurrean autokontsumo proiektuen eta energia komunitateen garapena defendatzea –diru publikoa inbertitzea edo espazio publikoak uztea (batez ere teilatuak) eskatzen du horrek–, jakinik proiektu horietako askok buruhausteak baino ekarriko ez zituela epe laburrean». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun