Leitzaldekoak eta Urumealdekoak dira soldata gordinik altuena duten eskualdeko herritarrak

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 30a, 10:00

2021eko datuak argitaratu ditu egunotan NaStat-ek, Nafarroako Estatistika Institutuak. Nafarroa osoko datuekin konparatuz gero, gizonezkoen eta emakumezkoen soldaten arteko aldea handiagoa da gure herrietan (% 21 eskualdean vs % 19 Nafarroan).

Nafarroako Estatistika Institutuak herritarren batezbesteko soldata gordinaren datuak argitaratu ditu. Azken datuak 2021ekoak dira, baina 2012tik izan den bilakaera ere ikus daiteke beheko infografian. Horren arabera, Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako herritarrak dira soldatarik altuena dutenak.

Udalerriz udalerri 2012tik 2021era bitartean herritarren batezbesteko soldata gordina zenbatekoa den ageri da ondoko taulan. Nafarroako Estatistika Institutuak jakinarazi duenez, 2.000 biztanletik goitiko udalerrietako datuak (izartxoa dutenak) errealak dira, TTIPI-TTAPAk hartzen duen eremuaren kasuan, Baztan, Bera, Leitza eta Lesakakoak. Gainerako udalerrietako datuak, «datu gutti daudelako» eremu bakoitzeko (Bortziriak, Malerreka…) batezbestekoetara berdindu dituzte.

Datuen arabera, Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako herritarrek dute soldata gordinik altuena, eta aldiz, Malerreka eta Bertizaranakoek eskualdeko baxuena.

Hortik aparte, deigarria eta salagarria da gizonezkoen eta emakumezkoen soldaten artean dagoen alde nabarmena. 2021ean gizonezkoek emakumezkoek baino % 21 gehiago kobratzen dute eskualdean eta Nafarroan %25ekoa da aldea. Eskualdean 2012tik 2021era gizonezkoen eta emakumezkoen soldaten arteko aldea gora-beherak izan baditu ere, 2018az geroztik diferentziak murrizteko joera hartu dute. Halere, diferentzia ikaragarria da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun