Nafarroako Foru Komunitatearen XVIII. Erremonte Profesionaleko Txapelketa-2023ko Magna Sari Nagusiko final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldia jokatuko dute uztailaren 29an, larunbatean 18:00etan hasita Elizondoko Baztan pilotalekuan jokatuko den jaialdian. Partida nagusian, Zeberio II.a eta Aimar Saldias oiztarra, Eloi Otxandorena doneztebarraren eta Ionen kontra ariko dira.
Jaialdiko lehen partidan, berriz, Xuban Iturregi iruritarra eta Dabid Mitxeo doneztebarra, Jon Sagaseta iruritarraren eta Agirrezabalaren kontra ariko dira.
Erremonte Fundazioak eta Elizondoko herriak antolatu duten jaialdiko sarrerak ADANO elkartera bideratuko dira. 16 eta 22 urte arteko ikusleek bortz euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek hamar euro. Hamasei urtetik beheitikoek ez dute ordaindu beharrik izanen. Erremontisten kamisetak ere zozketatuko ditu Erremonte Fundazioak.