Kamioi, auto, moto eta quad ibilgailuak biltzen dituen Baja Aragón lasterketa entzutetsua jokatu da asteburu honetan. Mundu osoko gidari famatuek parte hartu dute (Carlos Sainz ere bertan izan zen) eta eskualdeko gidariek lorpen politak egin dituzte. Kamioi lasterketan, erraterako, Javier Mariezkurrena doneztebarra gidari zuen Truck Navarra taldea nagusitu da, Iveco 4x4 DRNL kamioiarekin. Facundo Vitoria, Angel Iribarren, Victoria Iribarren eta Martin Salaverria izan ditu laguntzaile.
Mariezkurrenaren ondotik, Martin Macik txekiarra eta Richar De herbeheretarra igo dira podiumera, biak Iveco Powerstar Torpedo kamioiekin.
Autoen laugarren kategorian, berriz, Txomin Iribarren pilotu urdazubiarrak eta Joxelu Iratzoki kopiloto igantziarrak bigarren postua eskuratu dute Toyota Land Cruisser (KZJ90) ibilgailuarekin. Borja Rodriguez eta Esmeralda Barroso izan dira irabazle kategoria honetan (Toyota Land Ruiser SW) eta Ruben Rodriguez eta Maria Tania Soler hirugarren (Toyota Land Cruiser).