Nafarroako XVIII. erremonte txapelketako lehen partida jokatu zuten larunbatean Irurtzungo Bi Aizpe pilotalekuan. Eloi Otxandorena doneztebarrak eta Ionek 35-27 irabazi zieten partida handia jokatu zuen Aimar Jabalera doneztebarrari eta Barricarti.
Hasierako bi tantoak urdinek egin zituzten eta 1-4 ere irabazten izan ziren, baina launakako berdinketaren ondotik, beti gorriek agindu zuten markagailuan, baita bederatzi tantoko aldearekin ere (18-9). Bi tantora murriztu zuten aldea Jabalerak eta Barricartek (25-23), baina azkenean nagusi izan ziren gorriak (35-27).
Jaialdia hasteko partidan Jon Sagaseta iruritarrak eta Baztanek 30-26 irabazi zieten Oses eta Agirrezabalari.
Bigarren jardunaldia uztailaren 29an Elizondon
Nafarroako erremonte txapelketako bigarren jardunaldia Elizondon jokatuko dute uztailaren 29an, larunbatean 18:00etan hasiko den jaialdian. Txapelketako partidan, Zeberio II.a eta Aimar Saldias oiztarra, Eloi Otxandorena doneztebarraren eta Ionen kontra ariko dira. Lehenbiziko partidan Jon Sagaseta iruritarra eta Agirrezabala, Xuban Iturregi iruritarraren eta Dabid Mitxeo doneztebarraren kontra ariko dira.
Bortz bikote lehian
Elizondora ez ezik, eskualdean Doneztebera, Arraiozera eta Sunbillara ere ailegatuko da Nafarroako erremonte txapelketa. Larunbatean bertan egin zen aurkezpena eta bortz bikote izanen dira lehian: dagoeneko lehen partida jokatu duten Jabalera eta Barricart eta Otxandorena eta Ionekin batera, larunbatean Elizondon ariko diren Zeberio II.a eta Saldias, Matxin III.a eta Otano eta Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabala. Txapelketa ADANO elkartearen alde antolatu da. Finalerdiak lau bikote onenek jokatuko dituzte eta finala, berriz, finalerdietako irabazleek.