Larunbatean hasiko da Beran Nafarroako Herriz Herri txapelketa

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 20a, 09:00
Ikusmin handia piztu zuen iaz Herriz Herri Txapelketak. Irudian, Arantzako parte hartzaile bat Elizondon jokatutako jardunaldian.

Nafarroako Herri Kirol Federazioak Herriz Herri txapelketa antolatu du aurten ere. Maila absolutuan eta gazteen mailan jokatuko dute, eta absolutuan eskualdeko bortz talde ariko dira: Arantza, Arraioz, Basaburua, Igantzi eta Sunbilla. Gazteen mailan ez da eskualdeko talderik.

Helduen kategoriari dagokionez, iaz bezala bi proba konbinatutan lehiatuko dira. Alde batetik lehenengo proban bortz modalitate izanen dituzte. Lagun bat lokotx biltzen ariko da, ondotik bi lagunek 30 kiloko zakua dutela bi itzuli eman beharko dizkiote 160 metroko plazari, gero aizkoran aritu beharko dira, lasterka egin beharko dute gero, txandaka bi lagun ariko dira, eta plazari bakoitzak hiru itzuli eman beharko dizkio 480 metro osatu arte. Bukatzeko arpanean aritu beharko dira; bikote mistoak osatuko dituzte eta etzanda jarritako metroko enborrari lau korte egin beharko dizkiote. Lan hauek hiru aldiz egin beharko dituzte eta gutxienez talde bakoitzean bi emakume ari beharko dira.

Bigarren proba konbinatuan bi kiroletan lehiatuko dira: txinga eramaten eta ingudea altxatzen. Lehenengo modalitatean 10 plaza osatu beharko dituzte ahalik eta azkarren, emakumeek 25 kiloko txingarekin eta gizonezkoek 50 kilokoarekin. Proba honetan parte hartzaile bakarra izanen da. Ingude altxatzean, aldiz, parte hartzaile bakarra izanen dira eta minutu batean ahalik eta altxaldi gehien eman beharko dituzte, gizonezkoek 18 kiloko ingudearekin eta emakumezkoek 9 kilokoarekin.

Lau jardunaldi eta finala jokatuko dituzte eta talde bakoitzak bi jardunaldi jokatuko ditu. Jardunalditako lau talde onenak pasako dira finalera.

Lau saio eta finala

Larunbatean hasiko da txapelketa Beran jokatuko dute lehenengo jardunaldiarekin. 19:00etan izanen da Berako Eztegara pilotalekuan eta eskualdeko lau talde ariko dira: Arantza, Arraioz, Igantzi eta Sunbilla.

Bigarren jardunaldia Elizondoko bestetan izanen dute, heldu den asteartean, hilaren 25ean. 17:00etan izanen da Iriarte pilotalekuan eta Arraioz, Basaburua, Berriozar eta Txantrea ariko dira.

Hirugarren jardunaldia abuztuaren 6an, igandea, eginen dute eta eguraldiaren arabera Igantzin edo Sunbillan izanen da. Bertan, Arantza, Igantzi, Iturgoien eta Sunbilla lehiatuko dira.

Azken jardunaldia, aldiz, Burlatako Ezkabazal plazan jokatuko dute abuztuaren 19an, larunbata eta Basaburua, Berriozar, Iturgoien eta Txantrea lehiatuko dira.

Finala Antsoaingo kiroldegian jokatuko dute abuztuaren 26an, 18:00etan, eta proba konbinatu bakoitzean sailkatutako lau talde onenak ariko dira.

Gazteen txapelketa

Gazteen txapelketa ere jokatuko dute ta hiru talde ariko dira: Araxes, Antsoain eta Berriozar. Proba konbinatua eginen dute gazteek: lokotx biltzea, zakua eramatea, txingak, korrika, eta arpanean ari beharko dira. Hiru jardunaldi jokatuko dituzte, eta liga sistema erabiliko dute irabazlea aukeratzeko. Jardunaldiak uztailaren 25ean Elizondon, abuztuaren 19an Burlatan eta abuztuaren 26an Antsoainen jokatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun