Lau herrietako taldeak izanen dira laxoa txapelketako finaletan

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 17a, 18:00
Oizko plazan jokatuko dituzte bi finalak uztailaren 29an eta abuztuaren 5ean. 2018ko final nagusia ere bertan jokatu zuten. Argazkia: Ondikol

Laxoa txapelketako finalerdietako itzuliko partidak jokatuko dituzte larunbatean

Baztan-Errekako 43. Laxoa txapelketak ezagun ditu dagoeneko aurtengo finalistak. Abuztuaren 5ean, Oizko plazan jokatuko den final handian Doneztebe The Moment eta Arraioz Sagardia izanen dira aurrez aurre. Astebete lehenago, uztailaren 29an plaza berean jokatuko den final ttikian, berriz, etxeko taldeak, Oizek, eta Irurita Migelenek neurtuko dituzte indarrak. Beraz, lau herrietako ordezkaritza izanen da finaletan.

Larunbat honetan jokatu dituzte bi kategorietako finalerdiak. Finalerdi handiei dagokienez, Bear Zanan Doneztebe The Moment taldeak 1-9 irabazi zion Doneztebe Titiri (joanekoan ere 9-3 irabazi zuen The Moment taldeak). Bertze finalerdian emozio gehiago espero zen, baina Arraioz Sagardiak itzulerakoa bere plazan zuela baliatu eta 9-3 menderatu zuen Doneztebe Apeztegia  (joanekoan ere 8-9 irabazi zuten baztandarrek).

Finalerdi ttikiei dagokienez, Irurita Migelenek egin zuen itzulipurdirik handiena. Joanekoan 9-6 galdu zuen Doneztebe Aviaren kontra Bear-Zanan eta itzulerakoa Arraiozen jokatu behar zuten, berea ez den plaza batean, Iruritako errebote plazan ezin baita jokatu. Halere, iruritarrek 9-4 irabaztea eta honenbertzez, finalerako sailkatzea lortu zuen. Bertze finalerdian, Oizek 9-2 irabazi zion Arraioz Zubiondoari eta etxean jokatuko duten final ttikirako txartela lortu zuten. Joanekoan ere oiztarrak nagusitu ziren Arraiozen, 7-9.

Finalera begira ere hasia da Laxoa Elkartea. Final handia abuztuaren 5ean jokatuko dute Oizen eta egun horretan egitekoa duten afarirako txartelak dagoeneko salgai daude Iruritan, Arraiozen, Oizen eta Donezteben. Final ttikia, berriz, uztailaren 29an eginen dute Oizen.

Bertzalde, Laxoa elkarteak txapelketan babesle izan diren Mariezkurrena Eraikuntzak enpresari eta Laboral Kutxari eskerrak eman nahi izan dizkie.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun