Txapelak eskualdera etorri dira Nafarroako Herri Kirol Txapelketako azken saioan

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 14a, 17:00

Esti Gastearena sunbildarrak eta Dani Saldias arraioztarrak garaipena lortu dute txinga eramatean, alde haundia ateraz gainerako lehiakideei.

Argazkiak: Nafarroako Herri Kirol Federazioa

Nafarroako Herri Kirol Txapelketako azken saioa egin dute gaur Iruñean, eta emaitza ederrak lortu dituzte eskualdeko kirolariek.

Lehenik Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketa egin dute, eta bertan parte hartu dute Mikel Santesteban zubietarrak eta Jazinto Etxekonanea beintza-labaiendarrak. Honela gelditu da sailkapena:

  1. Victor Suarez (6.20,76)
  2. Jon Erdozia (6.42,67)
  3. Patxi Igoa (7.05,66)
  4. Oier Mitxelena (8.06,48)
  5. Iker Goldarazena (9.14,30)
  6. Aitor Saralegi (9.58,79)
  7. Mikel Santesteban (10.00,06)
  8. Amets Aristizabal (10.06,18)
  9. Eñaut Oiarbide (10.16,20)
  10. Jazinto Etxekonanea (11.19,98)
  11. Ioan Goikoetxea (11.21,72)
  12. Eneko Pagola (12.09,60)
  13. Josu Elizalde (16.37,77)

Ondotik, txinga eramate txapelketak jokatu dituzte. Emakumezkoetan Sunbillako Estibaliz Gastearena izan da garaile, 25 plaza eta 2,84 metroko markarekin. Claudia Cobos izan da bigarren, 9 plaza 3/4 eta 6,70 metro eginda. Hirugarren postua Aurkene Arokak lortu du, 7 plaza 1/2 eta 3,06 metroko markarekin. Azkenik, Iranzu Fierro izan da laugarren, 6 plaza eta 6,17 metroko markarekin.

Gizonezkoetan Arraiozko Daniel Saldias izan da txapeldun, 12 plazako markarekin. Bigarren postua Eneko Pagolak lortu du, 4 plaza 1/4 markarekin. Hirugarren Iker Goldarazena izan da, 3 plaza 3/4 eta 5,84 metrorekin eta laugarren Josu Elizalde, 3 plaza 1/2 eta 1,21 metrorekin.

Bukatzeko, lasto altxatze eta botatze erakustaldia eginen du Jon Lapazaranek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun