Laxoa txapelketako finalerdietako itzuliko partidak jokatuko dituzte larunbatean

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 14a, 12:00
Arraioz Sagardiak eta Doneztebe Apeztegiak finalerako txartela jokoan izanen dute larunbat arratsaldean Arraiozko plazan.

Baztan-Errekako 43. Laxoa txapelketa azken txanpan sartua da eta uztailaren 15ean, larunbatean jokatuko dituzte finalerdietako itzulerako partidak.

Finalerdi handiei dagokienez, Doneztebe Titi eta Doneztebe The Moment ariko dira, larunbatean 11:00etan Doneztebeko Bear Zana pilotalekuan. The Moment taldekoek 9-3 irabazi zuten joaneko partida eta nahiko bideratua dute finalerako txartela. Lau joko egitea aski izanen dute. Bertze finalerdian emozio gehiago espero da. Arraioz Sagardia eta Doneztebe Apeztegia izanen dira aurrez aurre larunbatean 16:30ean Arraiozko plazan. Joanekoan, 8-9 irabazi zuten arraioztarrek Bear-Zanan eta etxean hutsik ez egiten eta doneztebarren arteko finala saihesten saiatuko dira.

Finalerdi ttikiei dagokienez, Irurita Migelene eta Doneztebe Aviaren arteko itzulerakoa Arraiozen jokatuko dute,larunbatean 10:30ean, Iruritako errebote plazan ezin baita jokatu. Joanekoan doneztebarrak 9-6 nagusitu ziren. Bertze finalerdian, Oiz eta Arraioz Zubiondoak jokatuko dute larunbatean 09:00etan Oizen. Joanekoan oiztarrak nagusitu ziren, 7-9.

Finalera begira ere hasia da Laxoa Ekartea. Final handia abuztuaren 5ean jokatuko dute Oizen eta egun horretan egitekoa duten afarirako txartelak dagoeneko salgai daude Iruritan, Arraiozen, Oizen eta Donezteben. Final ttikia, berriz, uztailaren 29an eginen dute Oizen.

Bertzalde, Laxoa elkarteak txapelketan babesle izan diren Mariezkurrena Eraikuntzak enpresari eta Laboral Kutxari eskerrak eman nahi izan dizkie.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun