Leitzako Peru Harrin aurkeztu dute Ados elkartearen III. Plazaz Plaza txapelketa

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 13a, 09:00
Ados pilota elkarteko pilotariak asteaskenean Leitzako Peru Harrin. Bertan aurkeztu zuten III. Plazaz Plaza txapelketa.

Lehen partida Iturenen jokatuko dute larunbat eguerdian Etxekoloneak eta Orbegozok, Ibarrola eta Mendibururen kontra

Harria, herria, pilota. Peru Harri paraje ezin hobea izan da aurtengo Plazaz-Plaza txapelketa aurkezteko. Pilotak harritik ugari dauka eta plazek zer esanik ez. Txundituta utzi zituen atzokoak Ados pilota elkartekoak beste behin Iñaki Perurenak harriarekiko duen pasioak.

Neurri bereko pasioa pilotariena txikitatik euren herriko plazetan hazi eta hezi direnena. Txapelketa honekin iraganera salto egin eta Euskal Herriko plaza ederretara iristeko aukera ezin hobea izango dute 16 pilotarik, bi hilabete pasako txapelketa ederrean.

Iazko formatu bera erabiliko da. Bi taldetan banatuko dira pilotariak eta aurrelariek beraien taldeko atzelari guztiekin jokatuko dute. A taldean Arrieta, Naroa Etxekolonea zubietarra, Ibarrola eta Iea Iturriaga izanen dira aurrelari eta Mendiburu, Ruiz de Larramendi, Orbegozo eta Oskoz atzelari. B taldean, berriz, Aldaregia, Barrocal, Ruiz de Infante eta Goiuri Zabaleta leitzarra aurrelari eta Agirre, Irantzu Etxebeste beratarra, Mujika eta Zabala atzelari. Guztira 16 jaialdi jokatuko dira hainbat udalerritan finalerdiak erabakita geratzen diren arte. Finalerdiak Etxaurin eta Getarian jokatuko dira, irailaren 16an eta 23an. Final handia berriz, Azkoitiko Goiko Losa pilotalekuan izanen da irailaren 30ean. 

 

Lehenbiziko partida uztailaren 15ean Iturenen

Lehenbiziko jaialdia uztailaren 15ean, larunbatean 12:30ean jokatuko dute Etxekolonea zubietarrak eta Orbegozok, Ibarrolaren eta Mendibururen kontra. Eskualdean bigarren geldialdia abuztuaren 15ean eginen du, Areson. Etxekolonea eta Ruiz Larramendi, Iera Iturriaga leitzarraren eta Orbegozoren kontra ariko dira. Bertze jaialdiak Otxandion (uztailak 20), Garesen (uztailak 25), Etxarri-Aranatzen (uztailak 30), Arangurenen (abuztuak 6), Berastegin (abuztuak 10), Bastidan (abuztuak 12), Agoitzen (abuztuak 13), Eltziegon (abuztuak 16), Moredan (abuztuak 20), Ribabellosan (abuztuak 26), Tirapun (irailak 2), Eltziegon (irailak 3), Peralta/Azkoienen (irailak 6) eta Bernedon (irailak 9) jokatuko dituzte. Aipatu bezala, lehen finalerdia Getarian irailaren 16an eta bigarrena Etxaurin irailaren 23an eta final handia Azkoitian irailaren 30ean. 

Aipagarria da aldi berean Ados Pilotak atzetik datozen pilotari gazteei aukerak emateko egiten duen lana, horregatik oraingo honetan Plazaz-Plazaren 3.edizioan jokatuko dute Goiuri Zabaletak, Aizane Ibarrolak eta Leire Oskozek. 

Dena prest beraz uda guztian zehar «harriaren» oihartzuna lehia zirraragarrian plazaz plaza barreiatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun