Finalerdi handian, lehenbiziko partidan Doneztebe The Moment taldeak garaipen garrantzitsua lortu zuen, 9 eta 3 irabazi baitzion Doneztebe Titi taldeari. Bertzetik, Doneztebe Apeztegia eta Arraioz Sagardiaren arteko partidak 8 eta 9ko emaitza izan zuen, arraioztarren alde. Abantaila garrantzitsua lortu zuen, kontuan izanda itzulerako partida Arraiozen jokatuko dutela. Aipatu behar da, Doneztebeko taldeko Ion Apeztegia sakalariak min hartu zuela, eta bere partez, Mikel Telletxeak jokatu behar izan zuela.
Finalerdi ttikiko partidetan, alde batetik, Doneztebe Aviak 9 eta 6 irabazi zion Irurita Migeleneri. Itzulerako partida Arraiozko plazan jokatuko dute, Iruritako erreboteko plazan ezin baita jokatu. Bertzetik, Arraioz Zubiondoa eta Oizen arteko partida oiztarrek irabazi zuten, 7 eta 9ko markagailuarekin. Garaipen honekin, oiztarrek abantaila lortu dute kanporaketan, itzulerako partida etxean jokatuko baitute.
Bertzalde, finalera begira ere hasiak dira antolatzaileak. Final handia abuztuaren 5ean jokatuko dute eta egun horretan egitekoa duten afarirako txartelak dagoeneko salgai daude Iruritan, Arraiozen, Oizen eta Donezteben. Final ttikia, berriz, uztailaren 29an eginen dute.
Bestalde, Laxoa elkarteak txapelketan babesle izan diren Mariezkurrena Eraikuntzak enpresari eta Laboral Kutxari eskerrak eman nahi izan dizkie.