Uztailaren 13a da posta bidezko botoa eskatzeko azken eguna

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 10a, 18:00

Analista politikoen arabera, oraingo honetan posta bidezko botoa erabakigarria izanen da. Bada, ortzegun hau, uztailaren 13a, posta bidez botoa eskatzeko azken eguna da. Gero, botoa emateko bide hori erabakitzen duenak, uztailaren 20ra arteko epea izanen du botoa Correosera eramateko.

Nola eman botoa posta bidez

Correos-eko bulegoetan presentzialki edo online hemen klikatuta egin daiteke botoa eskatzeko tramitea. Online eskatuz gero, eskatzaileak ziurtagiri digitala edo Nortasun Agiri digitala izan beharko ditu tramitea egiteko. Eta presentzialki eskatzea erabakitzen duenak, Correos-eko enplegatuari Nortasun Agiria, pasaportea edo gidabaimena aurkeztu beharko zaio.
 
Online eskatuz gero, inprimakian hauteskunde dokumentazioa zein posta helbidetara bidaltzea nahi duzun adierazi beharko da (etxeko helbidea, lantokiko helbidea edo posta kutxa izan daiteke).

Hautesle Erroldaren Bulegoak honako dokumentazio hau bidaliko du adierazitako helbidera:
  • Hauteskunde hauetara aurkezten den alderdi politiko bakoitzaren boto-paper bana.
  • Bozketa gutun-azal bat prozesu bakoitzerako (Kongresua eta Senatua)
  • Erroldako inskripzio ziurtagiria.
  • Gutun-azal bat hauteskunde mahaiko informazioarekin.
  • Azalpen orri bat.

Dokumentazioa hartu ondotik, aukeratu boto txartela eta sartu botoa emateko dagokion gutun-azalean (edo ez sartu boto-orria zuri bozkatzea erabakitzen baduzu).

  • Sartu gutun-azala edo gutun-azalak eta baita erroldako inskripzio ziurtagiria ere, hauteskunde-mahaiaren helbidea idatzita dagoen gutun-azalean.
  • Ez sartu nortasuna egiaztatzen duen dokumenturik (karneta, gidabaimena…) bozketa-gutun-azalean, kasu honetan mahaiak zure botoa baliogabetzat joko lukeelako.
  • Eraman gutun-azal hori posta bulego batera eta bidali posta ziurtatu bidez, hauteskundeak egin aurreko hirugarren eguna baino lehen. Bidalketa doakoa da.

Hauteskunde egunean, postariek posta bidez bidalitako botoak hauteskunde-mahaietara eramanen dituzte eta bozketa bukatu ondotik, eta botoen zenbaketa hasi baino lehen, postaz bidalitako botoen gutun-azalak hautetsontzian sartuko dituzte.


Iritzia aldatu eta botoa presentzialki eman dezaket?

Ez. Posta bidez botoa ematea eskatzen baduzu, eta zure eskaera onartzen bada, hauteskunde egunean ezin izanen duzu presentzialki bozkatu zure hauteskunde mahaian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun