Iñaki Goienetxe izanen da Arkupeak elkarteko lehendakaria

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 6a, 20:00

Iñaki Goienetxe izanen da elkarteko lehendakaria hemendik aitzinera. Irudia: Zaldua.

Jose Luis Legarrak zortzi urteren ondotik utzi du elkarteko lehendakari kargua 

Ekainaren 21ean egin zuen Arkupeak elkarteak urteroko delegatuen batzarra, eta bertan aukeratu zuen hemendik aitzinera lanean ariko den zuzendaritza batzordea. Bertaratu ziren delegatu guzien onarpena izan zuen proposatuko zuzendaritza batzordeak.

Lehendakaria Iñaki Goienetxe igantziarra izanen da. Berekin batera, lehendakari ordea Maritxu Telletxea izanen da, idazkaria Kontxi Agerre eta idazkari ordea Katy Lasarte. Diruzain kargua Gema Gamiok izanen du eta bokalak Lourdes Erbiti, Rosa Mendiburu, Pili Albistur eta Marisa Telletxea. Ordezkoak, aldiz, Rosa Mari Bertiz, Pakita Mikelarena eta Fermin Azpiroz. 

Hautagaitza horretaz gain, Mari Karmen Apeztegia eta Eukene Barriola ere aurkeztu ziren boluntario. Beren borondatea ikusirik, batzarrak laguntzaile gisa izendatu zituen. 

Zuzendaritza batzordea osatzearekin batera, eskerrak eman zizkieten orain arte 8 urtez lehendakari izan den Jose Luis Legarrari, eta baita batzordekide izan diren Isaac Altzugarairi, Rosa Bertizi eta Pakita Mikelarenari «egindako lan bikainagatik». 

Erratzun delegatu bila

Mari Carmen Auzkik 25 urteren ondotik, delegatu izateari utzi dio, beraz, Erratzun delegatua behar du elkarteak. Boluntarioak aurkezteko azken eguna irailaren 15a izanen da. Eskerrak eman dizkiote Auzkiri: «Esker mila Mari Carmen hainbertze urtez egindako lan guziagatik». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun