[GUTUNA]: Gazteok EH Bildu!

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 6a, 14:00

Ernai Gazte antolakundeko kideak diren Josu Txoperena, Ekhiñe Zapiain, Joanes Illarregi, Aintzane Ariztegi, Eki Etxandi eta Patxi Martin eskualdeko gazteek uztailaren 23an EH Bilduren aldeko botoa eskatu dute iritzi artikulu honetan.

Espainiako Estatuan udal eta foru hauteskundeetan eskuinak eta ultraeskuinak izandako gorakada ikusita, gobernu espainiarrak uztailaren 23ra aitzineratu ditu Senatuko eta Kongresuko hauteskundeak.

Maiatzaren 28koen gisara, krisi garai batean ailegatuko gara uztaileko bozketara, krisi anizkoitza moduan ulertu behar duguna.

Alde batetik, sistema kapitalista zisheteropatriarkalak eta bere mesedetan aritzen diren estatu zapaltzaileak erreproduzitzen duten antolaketa sozial, ekonomiko eta politiko sostengaezinak ekarri gaituzte puntu honetara. Hori garbi ikusten da bizitzako hainbat esparrutan, izan krisi klimatikoaren eraginean, izan  zaintzaren arloan dagoen gabezian edo izan lan eremuko geroz eta arrakala sozial handiagoan.

Bertzalde, gazteoi bereziki eragiten digun testuinguru batean gaude. Lehen aipatutako gaiek eragin handia edo handiagoa dute gazteongan, lan eremuko prekarizazioan, adibidez.

Azpimarratzekoak dira Espainiako Estatuan maiatzean izandako hauteskundeen emaitzak ere. Garbi ikusi da eskuina eta faxismoa inoiz baino biziago daudela, eta testuinguru honetan ere heldu gara hauteskundeetara.

Hala ere, eskualdeko gazteok argi dugu. Euskal Herriak, egoera iraultzeko, burujabetza behar du, bai baldintza sozial eta ekonomikoak aldatzeko, baita faxismoari ateak ixteko ere.

Horretarako, boto independentistaren eta antifaxistaren aldeko aldarria egiten dugu, hau da, EH Bilduren aldeko botoarena.

Baina horrez gain, eguneroko lanean eta borrokan segitzea dagokigu gazteria eta herria biziaraziz eta alternatibak eraikiz.

Uztailaren 23an, gazteok EH BILDU!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun