Beteranotasuna eta gaztetasuna aurrez aurre izanen dira uztailaren 5ean, asteazkenean 20:00etan hasita Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko den Ados pilota elkartearen San Fermin Torneoko finalean. Gaztetasuna Ainhoa Ruiz Infantek eta Ane Mendiburuk jarriko dute eta beteranotasuna, berriz, eskualdeko bi pilotariek: Iera Agirre Iturriaga leitzarrak eta Irantzu Etxebeste Iantzi beratarrak. Ikusi beharko zer (eta zein) gailentzen den.
Larunbatean Arronizen jokatutako partida erabakigarrian, Iturriagak eta Etxebestek 22-19 irabazi zeten Barrokal eta Orbegozori, finalerako txartela lortzeko. Ruiz de Infantek eta Mendiburuk, berriz, ortziralean lortu zuten txartela Erratzun, Arrieta eta Mujikari 22-17 irabazita.
Asteazkeneko jaialdia
San Fermin torneoko finala 20:00etan hasiko bada, Iruñeko Peñen Federazioak eta Ados Pilota Elkarteak Saray elkartearen alde antolatu duten jaialdia asteazkenean 17:30erako hasiko da, pilota goxuarekin, pilota mistoarekin eta pilota egokituko partidekin. 19:30ean Iruñeko peñen ekitaldia izanen da eta gero finala eta sari banaketa. Sarrerak 10 eurotan salgai daude Estafetako La Casa del Libron, Abarzuza liburu dendan, Zariquiegui Kirolak dendan eta Saray elkartearen egoitzan.