Nafarroako Herriarteko pilota txapelketa nagusiak sortu duen kalapitatik urrun, uztailaren 1ean, larunbat goizean jokatu zen Nafarroako herriarteko ttikiko finala Iruñeko Labrit pilotalekuan. Pronostikoak bete eta Bera nagusitu zitzaion Leitzari. Ttikienen bi partidak irabazi zituen Berak eta infantil mailakoa Leitzak.
Benjamin mailan, Berako Beñat Goñi Erandoneak eta Eñaut Zubieta Garciak 18-5 irabazi zieten Leitzako Enaitz Bengoetxea Ariztimuño eta Egoi Zabaleta Santestebani.
Alebin mailan, Berako Erik Igoa Ansalas eta Ander Etxegarai Maizek 18-8 irabazi zieten Leitzako Iraitz Andiarena Villanueva eta Oier Zabaleta Rodriguezi.
Infantil mailan, azkenik Egoi Bidart Zabaleta eta Aimar Zubillaga Astibia leitzarrek 18-4 irabazi zieten Berako Iraun Zestau Telletxea eta Gorka Altzuguren Florezi.
Emaitzak emaitza, giro bikaina izan zen Labrit pilotalekuan eta bai Berakoek baita leitzarrek ere, herrira bueltan, bazkari eder batekin ospatu zuten.
Orain ikusi behar herriarteko nagusiarekin zer gertatzen den. Leitzak kirol legez lortua du finalerako txartela, eta epaileak erabakiko du Larraun eta Iruñearen arteko finalerdietako kanporaketa zertan gelditzen den. Zuzen bidean, uztailaren 9an jokatuko dute finala.