Joseba Sagastibeltzak, Leitzako ordezkariak, Bera eman du faboritotzat. Bere erranetan, «orain arte sorpresa batzuk eman ditugu eta finalean ere sorpresa emateko gogoz gaude, baina egia esateko, oso zail ikusten dut. Infantil mailan bai, irabazi dezakegula aurreikusten dugu, baina beste bietan Berak oso-oso bikote indartsuak ditu. Eta pilotari bat baino gehiago oso maila onean joka dezaketenak. Oso zaila izango da, baina gure pilotariak ere gogoz entrenatzen ari dira eta nork daki, urduritasunak ere izaten dira eta ikusiko dugu».
Enaitz Telletxea, Berako ordezkaria, kontent dago bigarren urtez segidan finalerako txartela lortu dutelako eta txapela janzteko itxaropentsu ageri da. «Esperantza badugu. Infantil mailan zail izanen dugu, baina benjamin nahiz alebinetan bikote indartsuak ditugu, orain arteko jardunaldi guztietako partidak irabazi dituztenak. Lan ona egitea espero dugu finalean ere», aipatu digu.