Arkupeak elkartearen historia hiru liburuxkatan bildu du Fernando Etxeberriak

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 2a, 09:00

Fernando Etxeberria ezkurrarraren ideia izan zen historia liburuxketan biltzea, eta bera izan da egiteko hori burutu duena.

Arkupeak elkarteak urte luzez egindako lana ezagutaraztea izan da bere helburua. «Elkarteak eskualdeko erretiratuei emandako aukerak» dira Etxeberriaren hitzetan bere lorpenik handienak

Arkupeak elkartearen historia aski ongi ezagutzen du Ezkurrako Fernando Etxeberriak. Bazkidea da aspaldidanik eta urte aunitzez elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea ere izana da. Maite du elkartea, eta maitasun hori gainerakoei ere erakusteko asmoz, Arkupeak elkartearen 36 urteko historia idatziz bildu du. 

Liburu bakarrean baino, hiru liburuxkatan publikatu dute, liburuxketako bakoitza bazkideek sei hilabetetik behin jasotzen duten buletinean integratuz. Elkartearen historia bi arotan banatu du Etxeberriak: sorreratik 2011n Felipe Ganboak dimisioa eman zuen artekoa eta Pedro Bañaresek 2012an kargua hartu zuenetik gaur egun artekoa. Horrekin batera, kapitulu berezi batean bildu ditu elkartearen barrenean sortutako mendi taldeak egindako ibilbidea. Dagoeneko publikatu dituzte hirurak eta bazkide denen etxeetan daude irakurtzeko prest. 

Lana «ezagutaraztea»

Etxeberriarena izan da elkartearen historia idazteko ideia, izan ere, elkarteak 36 urtez egindako lan dena ezkutuan gelditu dela iruditzen zaio. «Nire nahia jendeak gure historia ezagutzea da», azaldu du. Horregatik, hori ezagutaraztea izan da helburua. Izan ere, bere irudikoz eskualdeko herritarrek ez dute ezagutzen Arkupeak elkarteak egindako lan sozial handia.

Arkupeak elkartearen sortzaileak. Utzitako irudia.

Hiru liburuxketan xehetasun handiz bildu ditu elkartearen historian izandako irteerak, ekitaldiak, omenaldiak lorpenak eta  baita lortu gabekoak ere. Egitekoa erraza egin zaiola dio, elkartearen artxibategian txukun gordeta baitzeuden dokumentu guztiak «liburutegi batean bezala». 

Ezkurrarraren lanaren aitzinetik, elkarteko lehendakariak eskatuta, Loli Ostolazak bildua zuen artikulu batean 36 urtetan egindako lana. Etxeberriarentzat, ordea, xehetasunak eta anekdotak falta ziren bertan, eta horregatik lan luzeago bat egiteko proposamena luzatu zion elkarteko lehendakariari. Hasieran, historialari gazte bati eman zioten egitekoa, baina azkenerako, ez zuen egitekoa bukatu, eta  Etxeberria bera izan da lan hori egiteaz arduratu dena. «Kontzientzia kargu pixka bat nuen ideia nirea izan zelako», azaldu du. 

Historia xehetasun osoz

Aitzinetik ere ibilia zen artxibo lanetan, Ezkurrari buruzko liburua kaleratu baitzuen duela bi urte eskas, eta beraz, bazuen esperientziarik horrelakoetan. Ezkurrarrak kontatu duenez, bi urteko lana izan da hiru liburuxkak idaztearena, «baina oso gustukoa». 

Lehen liburuxkan mendi taldearen historia bildu du kronologikoki, egindako irteerak, irteeretako argazkiak... Gainerako bietan, aldiz, kronologikoki elkarteak sortu zenetik gaur arte egindako lan dena bildu du, eta egindako besten kronikak ere bildu ditu, hau ere argazkiekin osatuta.

Elkarteko bazkideak 1994an egindako Soinketa Egunean. Utzitako irudia.

Liburuxka guztiak banatuak, pozik dago jaso duen harrerarekin. «Batzordekide denek irakurri dute eta alde horretatik oso pozik nago». Argazkiak izateak, gainera, irakurketa errazten duela uste du: «Egia da jendeak lehenengo argazkiak begiratzen dituela. Batez ere jubilatuek ez daukate ohiturarik euskaraz irakurtzeko eta kostatzen zaie, baina kapitulu osoak irakurri gabe zati batzuk irakurtzen dituzte».

Etxeberriarena izan zen
historia liburua idazteko ideia

Elkarteak egindako bidea barren barrenetik ezagutzen du Etxeberriak eta ekarpen handiena zein den galdetuta argi dauka erantzuna: «bazkideak etxetik ateratzea eta aisialdirako aukerak ematea». Eta gehiago: «Jendeari eskaini zaion laguntza ekonomikoa, soziala eta batez ere alde ludikoa nabarmenduko nituzke». Etxeberriaren ustetan, bertzela eginen ez lituzketen ekintzak egiteko aukera eman die erretiratu aunitzi Arkupeak elkarteak: «Elkarte hau egonen ez balitz milaka lagun ez lirateke etxetik aterako, ez lukete bidaiarik eginen, ez eta beste harremanik sortuko ere... Pentsa Ameriketan izan dira bazkideak hiruzpalau aldiz eta atzetik ez baduzu horrelako talde baten babesik ezin duzu joan». Hala ere, bertze ekitaldi batean paratu du fokua: «Interesgarriena, eta politena omenaldi eguna da, 500 bazkide baino gehiago elkartzen gara eta hori da nire ustez urteko ekitaldi politena».

Horrez gain, eskualdeko kiroldegiekin egindako hitzarmena ere balioetsi du, izan ere, horri esker bazkideek deskontuak eta ikastaroak izaten dituzte kirola egiteko, eta horrekin batera mendi taldeko irteerek egindako ibilbidea goraipatu du: «Hasieran 15 lagun hasi ginen eta orain normalean 60 lagun inguru elkartzen dira hilabetero-hilabetero irteerak egiteko. Nik neronek antolatu izan ditut mendiko irteerak eta ikusten duzu jendea oso pozik dabilela». 

Elkarteko hainbat bazkide 2012an Pirinioetara egindako irteeran. Utzitako argazkia.

Horrez gain, eskualdeko kiroldegiekin egindako hitzarmena ere balioetsi du, izan ere, horri esker bazkideek deskontuak eta ikastaroak izaten dituzte kirola egiteko, eta horrekin batera mendi taldeko irteerek egindako ibilbidea goraipatu du: «Hasieran 15 lagun hasi ginen eta orain normalean 60 lagun inguru elkartzen dira hilabetero-hilabetero irteerak egiteko. Nik neronek antolatu izan ditut mendiko irteerak eta ikusten duzu jendea oso pozik dabilela». 

Pentsionisten aldeko borroka

Alde ludikoaz harago, eskualdeko erretiratuen eskubideen alde egindako borroka ere aipatzeko modukoa da Etxeberriarentzat. Frantziako jubilazioak kudeatzen egindakoa azaldu du: «eskualdeko jende asko ibili zen lanean Frantzian, baina, ez zeukaten  hori horrela zela demostratzen zuen paperik, eta Hendaiako kudeatzaile batekin batera ibili ginen lanean beraientzat pentsio duina lortzeko». 

Elkarteak «etorkizun oparoa»
duela uste du Etxeberriak

Ez da hori elkarteak bere historian pentsiodunen alde egindako borroka bakarra. Bertzeak bertze Gizarte Segurantzaren bulegoa Doneztebera ekartzeko egindako lana, larrialdi egoeran zeudenentzako etxebizitzak sortu izana... Egindako lanen artean, bereziki nabarmendu du liburuan Donezteben adinekoen egoitza bat egiteko egin zuten ahalegina: «ez zuten helburua lortu, eta nire ustez engainatuak sentitu ziren». Horiek eta gehiago bildu ditu liburuan, «izan daiteke anekdotaren bat edo ahaztea, baina, ia gauza denak sartu ditut».

Etorkizun «oparoa»

Elkartea «inoiz baino hobeto» ikusten du Etxeberriak. «2.970 bazkide baino gehiago gara». Azaldu duenez, eskualdean urtero-urtero 50-60 erretiratu hiltzen dira, eta horietatik gehienak elkarteko bazkideak dira. Hala ere, urtetik urtera bazkide kopuruak gora egiten segitzen du, bajak baino gehiago direlako izena ematen duten bazkide berriak «100 lagun inguru». «Nik uste dut hemendik pare bat urtera 3.000 izatera iritsiko garela», erran du.

Kopuruaz harago, bazkideen parte hartze handian ikusten du osasuntsu Arkupeak: «Azken urteetan aunitz dira irteeretan eta, batez ere, bidaietan parte hartzen duten bazkideak eta ez hori bakarrik, orain bertan aldatuko da zuzendaritza batzordea eta bi edo hiru pertsona daude bertara sartzeko asmoarekin. Bizi-bizi eta indartsu dago». 

Arkupeak elkarteak eskualdeari aunitz eman diola uste du Etxeberriak, baina eskualdeari aunitz emateaz gain, berari pertsonalki ere aunitz eman diola dio: «Aberastasun handia eman dit. Elkartearen bidez jende asko ezagutu dut». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun