Eskualdeko enpresek 3,1 milioi euro baino gehiago zor dizkiote Nafarroako Ogasunari

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 29a, 20:30

Nafarroako Ogasunak 2023ko zordun nagusien zerrenda argitaratu du eta, horren arabera, Nafarroako 643 pertsona eta enpresek 307,4 milioi euro zor dizkiote Nafarroako Ogasun. Horietatik ia dozena bat baino gehiago gure eskualdekoak dira, gehienak likidazioan daude aspalditik, eta gainerakoak jardunean daude gaur egun.

120.000 eurotik gorako zorrak dituzten pertsonak eta enpresak dira zerrendan ageri direnak eta zor kopurua 2022ko abenduaren 31ri dagokio. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, zerrenda argitaratu aitzinetik, zordun guztiei jakinarazi zien zerrendan agertuko zirela eta zor osoa kitatzeko aukera zutela zerrenda horretan ez agertzeko.

Dena den, Nafarroako Ogasunaren aurten argitaratu duen zerrendak iazkoak baino 20 zordun gutxiago ditu, eta zorraren zenbateko osoa 17,8 milioi euro murriztu da. Hala ere, aurreko urteko zerrendan agertzen ez ziren 25 zordun berri daude 2023ko zerrendan eta 45 baja izan dira hainbat arrazoirengatik, hala nola hartzekodunen konkurtsoa bukatzeagatik, zorra 120.000 euro baino gutiagora jausteagatik edo atzerapenengatik.

Zordunen zerrendan ageri diren 643 pertsona edo enpresen artean, guttienez 10 eskualdekoak dira. Horien artean, aipagarrienak Doneztebeko Aparan SL eta Lesakako Ayala Instalaciones Eléctricas SL dira. Bata zein bertzea aspaldi itxi bazituzten ere, Aparanek 745.521,87 euroko zor metatua du (iaz bezala) eta Ayala Instalaciones Eléctricas SLk 477.379,10 eurokoa (iaz bezala). Doneztebeko Maderas Zabalaren zorra ere aipatzekoa da, 592.979,33 eurokoa baita (iaz baino 46.870,52 euro gutiago).

Bertzalde, jarduera-sektorearen araberako sailkapenean, eraikuntza/etxegintza (165 zordun) eta merkataritza eta ostalaritza (144) dira Nafarroako Foru Ogasunarekin zor handiena dutenak. Horien artean daude Leitzako Construcciones y Obras Pagozelay 278.858,69 euroko zorrarekin (iaz baino 3.512,31 euro gehiago), Construcciones Baztangoiza 178.927,14 euroko zorrarekin edo Construcciones Arraiotz 134.940,42 euroko zorrarekin edo Urtxola Jatetxea 136.495,43 euroko zorrarekin. Gainerakoan, Goizuetako Maderas Arraetxe SLk 264.547,93 euroko zorra du Ogasunarekin eta Egoki Leitzakoa SCL enpresak 150.156,45 eurokoa. Nafarroako Ogasunak publiko egin duen zerrendan agei dira guztiak.

Ordaindu ez diren zergen artean, BEZa da lehena (106 milioi euro). Haren ondotik datoz atzerapen-espedienteak (55 milioi euro) eta isunak eta zigorrak (48 milioi).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun