ARRETA GOIZTIARRA

«Inklusioaz ari gara, baina zerbitzu hauekiko beldurra bada oraindik»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 1a, 08:00
Amaia Inda, Ainhoa Larralde eta Ainhoa Larrea arreta goiztiarreko teknikariak Lesakako bulegoan.

Amaia INDA, Ainhoa LARRALDE eta Ainhoa LARREA, arreta goiztiarreko teknikariak

Arreta goiztiarraren nazioarteko eguna ospatu da ekainaren 16an eta data hori hizpide hartuta, Baztan-Bidasoalderako zerbitzu hori eskaintzen duen Lesakako bulegora hurbildu gara

«Gure helburu nagusia arreta goiztiarreko zerbitzua ezagutzera eman eta gizartea sentsibilizatzea denez, bertzeak bertze, ekainaren 16ko nazioarteko egun horretan sare sozialen bidez publikazio ttiki bat prestatu dugu. Aldi berean, elkarrizketa hau ere bada egun hau aldarrikatu eta ezagutzera emateko modu bat». Honela aipatu digute ANFASen bidez Baztan-Bidasoalderako arreta goiztiarreko zerbitzua eskaintzen duten teknikariek. Eskualdeko hiru emakumek eta Villabonako fisioterapeuta batek ematen dute zerbitzua Lesakako Udalaren erabilera anitzeko aretoan: Amaia Inda Jorajuria (Donamaria, 27 urte), Lehen Hezkuntzan Graduko ikasketak egina, behar bereziko eta entzumena eta mintzairako espezialitateekin; Ainhoa Larralde Korta (Lesaka, 22 urte), Psikologian graduatuta, osasunaren psikologiako aipamenarekin; Ainhoa Larrea Lekuberria (Zubieta, 29 urte), Terapia Okupazioaneko gradua eta Lehen Hezkuntzako Graduko ikasketekin. Arreta Goiztiarreko masterra dauka; eta Uxue Mendizabal Etxeberria (Villabona, 26 urte), Fisioterapian graduatuta eta Fisioterapia pediatrikoko masterra duena.

Aipatu digutenez, «lantalde berria gara eskualdean izan diren aldaketengatik. Kasu honetan Ainhoa Larrea da denbora gehien daraman profesionala, 2022ko otsailean hasi zen eta ondotik, 2022-2023ko ikasturtean Amaia Inda, Ainhoa Larralde eta Uxue Mendizabal sartu dira, aitzinetik zeuden profesionalen lanari segida emanez».

Zer da arreta goiztiarra? Nola definitzen da? ANFASen barrenean lan egiten duzue… Zer da ANFAS? 

Arreta goiztiarra 0-6 urte bitarteko haurrei, haien familiei eta inguruneari zuzendutako esku hartzeen multzoa da. Zerbitzuaren helburua aldi baterako edo iraunkorrak izan daitezkeen beharrei ahalik eta lasterren erantzutea da. Osasuna, hezkuntza eta arlo soziala aintzat hartzen dira garapenean nahasmenduak dituzten edo izateko arriskua duten kasuetan. Haur baten bizitzako lehen urteak funtsezkoak dira hainbat gaitasun eskuratzeko. Izan ere, aldi honetan garunaren plastizitatea eta nerbio sistemaren garapena gertatzen baitira. Nahiz eta arreta goiztiarreko zerbitzuak 0-6 adin tartean esku hartu, garrantzitsua da bi etapetan bereizten dela azaltzea. 0-3 urteko adin tartea Nafarroako Gobernuko  Gizarte Zerbitzuen Karterak bermatzen du. Hori dela eta, etapa honetako zerbitzua doakoa da. 3-6 urteko adin tartean, aldiz, dagoeneko umeak eskolatuak daudenez, ikastetxeetan eskaintzen diren laguntzen zerbitzu osagarria da. Kasu honetan, ANFAS da zerbitzua eskaintzen duen entitatea, horregatik zerbitzua ordaintzen da. Bi kasuetan umearen eta honen inguruan dauden profesionalen arteko koordinazioa ezinbertzekoa da. Koordinaketa hau sarean egiten da: osasun etxea, gizarte zerbitzuak, hezkuntza edota kasuak eskatzen duen bertze profesionalekin. ANFAS adimen urritasuna edo eta garapen nahasmena duten pertsonen eta bere familien aldeko Nafarroako elkartea da. 1961. urtean desgaitasun intelektuala zuten pertsonen familia eta lagun talde bat sortu zen gizartean zeuden mitoak uxatu eta hauen eskubideak aldarrikatzeko asmoz. Bere garaian Iruñean sortu bazen ere, Nafarroa guztian zehar hedatuta dagoen elkartea da.

«Lehen urteak funtsezkoak dira gaitasunak eskuratzeko»

Baztan-Bidasoalde osorako zerbitzua eskaintzen duzue? Noiztik?

Baztan-Bidasoa eskualdean eskaintzen den zerbitzuak bi egoitza nagusi ditu; Lesakan eta Elizondon. Hauetaz gain, Malerrekako kasuak Doneztebeko Osasun Etxean artatzen dira. Duela 20 urte inguru jarri zen zerbitzua martxan gure eskualdean eta geroztik zerbitzuak martxan segitzen du umearen eta honen familiaren bizi kalitatea hobetzetzeko asmoz.

Gaur egun zuek laurak aritzen zarete lan honetan edo baduzue langile-laguntzaile gehiago? Lan guztia bulegoan egiten duzue edo kanpoan edo etxez etxe ere ibiltzen zarete?

Gaur egun, esku hartze unitatearen barnean hiru perfil bereizten dira: logopedia, fisioterapia eta estimulazio global edo psikomotrizitatea. Lau teknikarik eramaten dugu aitzinera esku hartze zuzena, baina lan taldea profesional gehiagok osatzen dugu. Alde batetik, 0-3 urteko adin tartean, umea zerbitzuan sartu aitzinetik, balorazioa egiten duen psikologoa, Andrea Beriain ANFASeko Arreta Goizitarreko arduraduna da eta Maite Aranbillet eskualdeko arduraduna. Normalean saioak egoitzetan egiten dira baina egoera osotasunean aztertuz eta beharren arabera kasu batzuetan etxeetan, haur eskolan edo ikastetxeetan esku hartzen da.

Zenbat erabiltzaile dituzue gaur egun? Zer gisako ezintasun/zailtasun/eritasun/ izaten dituzte eta nola artatzen dituzue? Haurrendako bakarka ez ezik familiendako programak ere izaten dituzue?

2022. urtean Nafarroa osoan 1.041 haur hartatu ziren arreta goiztiarrean, horietatik 74 Baztan-Bidasoaldean. Arreta Goiztiarraren ardatz nagusietako bat prebentzioa denez, azpimarratzekoa da zerbitzuan sartzeko ez dela beharrezkoa diagnostiko edo ezgaitasun bat izatea. Izan daiteke umearen adina eta garapen ebolutiboa momenturen batean bat ez egitea eta, ondorioz, zerbitzura deribatuko dute, estimulazio gehigarri bat jasotzeko. Badira umeak protokoloz ere zuzenean zerbitzura deribatzen direnak; ume goiztiarrak, esate baterako. Gure zerbitzura iristeko hainbat modu izan daitezke, familiak eskatuta, osasun etxean edo haur eskolan beharrak ikusita, edo umearen inguruko edozein pertsonak eskatuta. Hainbat ibilbide daude: modu prebentiboan sartzen diren umeen kasuan momentuko beharrak asetzen direnean zerbitzua amaitzen da. Aldiz, beharrak izaten segitzen duten kasuetan lanketarekin segitzen dugu. Esku hartzen ditugun kasuak anitzak dira: nahasmendu kognitiboak, mugimenduaren arlokoak, sentsorialak, emozionalak, jokabidearenak, hizkuntzari dagozkionak, genetikoak… Familia ardatz duen ereduan oinarrituta lan egiten dugu, horrek erran nahi du familia prozesu guztian zehar agente aktiboa dela eta hauen zalantza eta premiei espazio bat eskaintzen saiatzen garela. Honetaz gain, gurasoei bideratutako espazio bat eskaintzen da ANFASen. Bertan, egunerokotasunean suertatzen diren zalantza, berrikuntza eta kezkak partekatzen dira. Maite Aranbilletek bideratzen du taldea eta hilabetean behin elkartzen saiatzen dira.

«Familia ardatz duen ereduan oinarrituta lan egiten dugu»

Zer suposatzen du arreta goiztiarreko arreta zerbitzu hau eskualdean izateak? Bertzela, edo hau izan baino lehen, Iruñera mugitu behar izaten zuen jendeak?

Zerbitzua bertan eskaini baino lehen, familiek Iruñera desplazatu behar izaten zuten, horrek suposatzen duen denborarekin, esfortzuarekin eta arriskuarekin. Zerbitzua eskualdean izateak, bertako familien bizi kalitatea hobetu eta lanketa hurbila eta egunerakotasunean oinarritutakoa izatea ahalbidetzen du.

Gaur egun eskaintzen duzuen zerbitzuaz aparte, etorkizunera begira bertze zerbait gehiago eskaintzeko asmorik edo borondaterik baduzue? Posible da? Bertze zerbaiten premia sumatzen duzue? Erabiltzaileek bertzelako premiak badituzte?

Nahiz eta gure lana 0-6 urte bitartean zentratu, ezin dugu etorkizuneko begirada galdu, gaur egungo ume hauek etorkizuneko gazte eta heldu bihurtuko direlako, eta eskualdeko baliabideak hauen egoera eta beharretara egokitu beharko direlako. Premiei dagokionez behar gehien dituztenen kasuan badaude hainbat alderdi hobetu eta kontutan hartzekoak: aisialdia, familiendako arnasguneak, formakuntza, laguntza emozionala, etxebizitzak… Lantalde berria izanik gogotsu gaude esparru honetan lanean segitzeko. Hagitz presente dugu gure lanaren funtsa kalitatezko zerbitzu bat ematen segitzea dela eta horretarako ikasten eta jakintzak ahalik eta gaurkotuen izaten segitzen saiatuko gara.

Gizartea sentsitibilizatzea izanen da zuen bertze erronka bat. Garai batean baztertuak izaten ziren arazo hauek eta orain gero eta gehiago bistaratzen eta gizarteratzen dira…

Uste dugu aurrerapenak egon direla baina ezin da ukatu oraindik gizartean inklusioa aunitz entzuten den arren, errealitatean ez dela praktikara guztiz eramaten. Sarritan zerbitzu mota hauekiko konnotazio negatiboa, estigma edo beldurra dago oraindik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun