Jai Alai Summer Season erremonte txapelketa apurtzailea Donostiako Santa Klara irlan aurkeztu berri dute

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 29a, 14:00
Jai Alai Summer Season txapelketan parte hartuko duten erremontista gehienak asteazkenean Donostiak Santa Klara irlan egindako aurkezpenean izan ziren. Argazkia: Maialen Andres

Uztailaren 1ean hasiko da gaueko saioarekin eta bertze lau egunez jokatuko dituzte partidak Oriamendiko erremontistek uztailaren 6an, 8an, 13an eta 15ean

Oriamendi enpresak atzo arratsaldean aurkeztu zuen Donostiako Santa Klara Irlan Jai Alai Summer Season txapelketa berritzaile eta apurtzailea. Jai Alai Summer Season txapelketak San Fermin Torneoa zena ordezkatuko du uztailaren 1ean, uztailaren 6an eta uztailaren 8an, uztailaren 13an eta uztailaren 15ean. A multzoan Aritz Juanenea saldiastarra ariko da, baina ez aitatasun bajarekin dagoen Josetxo Ezkurra. B multzoan, berriz, Aritz Zubiri eta Oier Apezetxea goizuetarrak ariko dira.

Erremontea garai berrietara egokitzeko bidean, Oriamendik argi du aldaketak egin behar direla eta txapelketa berri hau bide horretatik jarraitzeko beste saiakera bat da. 

Gaueko hiru jaialdi DJarekin eta pintxopotearekin

San Fermin Torneoa izatetik, Jai Alai Summer Season izatera pasako da uztaileko Oriamendiren jarduna. Aipatu bezala uztailaren 1ean, 6an, 8an, 13an eta 15ean jokatuko da eta beste berrikuntza garrantzitsua da larunbatetan 22:00etan antolatuko direla jaialdiak uztailaren 1ean, uztailaren 8an eta uztailaren 15ean. Uztailaren 6an eta uztailaren 13an ordutegi eta egun tradizionalean jokatuko dira jaialdiak, ortzegunean, 16:30ean hasita.

Larunbatetan izanen diren gaueko jaialdiek jendeari aukera emanen dio eguna aprobetxatzeko nahi duen eran eta gauez, Galarretara hurbildu daiteke erremonteaz eta antolatuko den ikuskizunaz gozatzera. Ez baita erremontea bakarrik egonne. Gazteek eta jai giroa gustuko duen orok aukera paregabea izanen du Galarretan festaz gozatzeko. Erremontearekin batera musika izanen baita DJarekin, baita pintxopotea ere. 

Jaialdi guztietan hiru partidu jokatuko dira eta Jai Alai Summer Season txapelketa bi taldetan banatuko da. Alde batetik, A multzoa dago eta bertan aktibo dauden zortzi erremontista onenek jokatuko dute, Aritz Juanenea saldiastarra bertan dela. Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra, aitatasun bajarekin, ez da bertan izanen. Bertzetik, B multzoa dago. Hemen bertze zortzi erremontista ariko dira, tartean Apezetxea eta Zubiri goizuetarrak.

 

Inoiz ikusi gabeko bikoteak

Bertze berrikuntza nabaria izanen da, konposizio berezian jokatuko dela txapelketa. Inoiz ikusi gabeko bikoteak eta espero gabeko bikoteak ariko dira jokoan.

Aldaketak posizioekin du zerikusia eta pelotariak bere ohiko lekutik kanpo ariko dira. Berezia izanen da eta erremontistak ari dira dagoeneko horretara egokitzen. 

 

 

TXAPELKETAREN XEHETASUNAK

 

A TALDEA

Aldabe-Urriza, Barrenetxea IV-Juanenea, Segurola-Ansa eta Azpiroz-Larrañaga lau bikoteek osaturiko txapelketaren lehen fasean, denek denen aurka jokatuko dute. Hiru jardunaldia izanen dituzte horretarako: uztailaren 1a, uztailaren 6a eta uztailaren 8a. Partiduak set formatuan jokatuko dira. Ligaxkako sailkapena puntuaketa sistemaz izango da. 

Lehenego sailkatua zuzenean uztailaren 15eko finalera sailkatuko da eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdi bat jokatuko dute uztailaren 13an.  Partidu honetako irabazlea finalera sailkatuko da. Ligaxkako laugarrena kanporatua izango da, baina finalerdietan ordezkorik ez badago lesiorik badago, beraiek jokatuko dute. 

 

B TALDEA

Irazu-Zubiri, Loitegi-Aiestaran VI, Zaldua II-Eskudero eta Gurrutxaga-Apezetxea bikoteek jokatuko dute txapelketa. 

Ez da ligaxkarik jokatuko. Bi finalerdi jokatuko dira. Lehenengoa uztailaren 1ean eta bertan Loitegi-Aiestaran, Irazu-Zubiriren kontra ariko dira. Uztailaren 8an izanen da bigarren finalerdia eta hemen Zaldua II-Eskudero, Gurrutxaga-Apezetxearen kontra ariko dira.

Bi irabazleak uztailaren 15eko finalera sailkatuko dira. Partiduak set formatuan jokatuko dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun