Zentral eolikoak eskualdean

Makroproiektu eolikoen kontrako eskualdeko taldeak elkarlanean hasi dira

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 26a, 14:50

Joan den ortzegunean Sunbillan egindako bilera. Argazkia: Jasone Mitxeltorenak utzitakoa.

Joan den ortzegunean, ekainaren 22an, Malerreka Bizirik, Etxalarko Azkua Bizirik eta Arantza Bizirik taldeetako kideek eta Igantziko herritarrek bilera egin zuten Sunbillan, eskualdean egin nahi dituzten makropoligono eolikoen harira solastatzeko eta lehenbiziko hartu-emana izateko. Hitzorduan izan zen Azkua Bizirik taldeko Jasone Mitxeltorena etxalartarra, eta bileraren inguruko «hagitz balorazio positiboa» egin du. 

«Herriz herri egoerak eta antolaketak diferenteak izanda ere, kezka igualtsuak ditugu»

Kontatu duenez, «elkar ezagutzeko» bilera izan zen eta «talde bakoitza zertan ari den jakiteko balio izan zuen. Aditua genuen igantziarrak ez zirela formalki antolatuak, eta ortzeguneko bilerara igantziar aunitz hurbildu zen. Beraz, erraten ahal da igantziarrak ere martxan hasi direla». Gainerakoan, «herriz herri egoerak eta antolaketak diferenteak izanda ere, kezka igualtsuak ditugula agerian gelditu zen». 

Azkua proiektua

Azkua proiektuak Arantza, Etxalar, Igantzi eta Sunbillako lurrak hartuko lituzke. Mitxeltorenak esplikatu duenez, «sunbildarrak Malerreka Biziriken barrenean daude, eskualde osoari eragiten dion gaia delako eta sozializazioa eskualde mailan egiten dutelako, naturalki. Hala ere, ekimen zehatzetan Arantza, Igantzi eta Etxalarrekin elkartzeko aukera aipatu zuten, Azkua proiektuari dagozkion zereginetan, adibidez».

Hemendik aitzinera herriz herri lanean segitzeko asmoa dutela berretsi du etxalartarrak: «Nik uste dut denak ados garela talde bakoitzak bere inguruan lanean segitu behar duela erratearekin». Baina etxalartarraren hitzetan, «horretarako informazio trukaketa ongi heldu denez, udan informazioa trukatu eta elkarlana nola egin nahi den zehaztuko dugu». Dena den, «ekintza jakinetan» biltzeko aukera mahai gainean dute: «Adibidez, proiektua ailegatuko balitz horri elkarrekin erantzuten ahalko geniokeela aipatu genuen». 

Mitxeltorenak adierazi duenez, «Endara Bizirik taldeko kide bat ere hurbildu zen, eta ekarpen ederra egin zuen, galderak erantzunez eta aholkuak eta gomendioak emanez. Lesakarrek lan ederra egin zuten eurei egokitu zitzaienean, eta orain hori baliatzen ari gara». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun