Asteburuko honetan jokatutako partidak direla eta, 53. Laxoa txapelketako sailkapen nagusia erabaki da dagoeneko. Hala ere, Irurita Arkupe eta Oien arteko partida akitzeko dago oraindik, 1–6 zirela euria hasi baitzuen eta ezin izan zuten partidua bukatu.
Sailkapenari begira, Arraioz Sagardoa izan da ligaxkako lehen sailkatua 20 punturekin. Hurbiletik segitu dio Doneztebe Titik, 18 punturekin. Bi hauek, finalerdi handira zuzenean sailkatu dira. Bertzetik, sailkapeneko hurrengo sailkatuak hauek dira: Doneztebe The Moment, Doneztebe Apeztegia, Irurita Migelene eta Oiz. Halere, gogoratu Oizek oraindik partida akitzeko duela eta segur aski bosgarren postua lortuko du, Irurita Migelene seigarren posiziora bultzatuz. Horrela, Doneztebe The Moment, Irurita Migeleneren kontra eta Doneztebe Apeztegia Oizen kontra ariko dira final laurdenetan. Gogoratu behar da final laurden hauek partidu bakarrera jokatuko direla, aitzinetik sailkatutakoaren etxean beti ere. Biak Doneztebeko Bear Zanan, beraz.
Final laurden horietatik, irabazleak finalerdi handietarako txartela lortuko du, eta galtzaileak, finalerdi txikirako txartela. Finalerdi txiki horretan Doneztebe Avia eta Arraioz Zubiondok badute dagoeneko beren txartela, sailkapenean zazpigarren eta zortzigarren izan ondotik.
Irurita Arkupek, Oizen aurkako partiduarekin bukatuko du bere aurtengo lanak, ez baita sailkatu final erdietarako.