Aste eskasean bi txapel jantzi ditu Aritz Juanenea saldiastarrak. Joan den astelehenean Sagardoaren txapelketa irabazi ondotik, igandean Erremontari herriz herri txapelketako finala irabazi zuen Zumarragan, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrarekin batera. Bi jokotan irabazi zieten Goikoetxea V.a eta Azpirozi (15-8 eta 15-14).
Promesa edo B mailako finalean lehia estuagoa izan zen eta hiru joko behar izan zituzten Gurrutxagak eta Oier Apezetxea goizuetarrak txapela janzteko, Irazu eta Eskuderorekin lehian. Lehen jokoa galdu egin zuten Gurrutxagak eta Apezetxeak (13-15), baina bigarrena eta kitarakoa irabazita (15-12 eta 5-3) lortu zuten txapela.